Zumalakarregi plaza berritzeko milioi erdi

Guaixe 2018ko abe. 15a, 10:46
Zumalakarregi plazaren ikuspegia.

Lanak heldu den urtean eginen dira, Bakea eta Amaia kaleko lanekin batera.

Altsasuko Udalak 503.700,75 euro bideratuko ditu Zumalakarregi plaza eraberritzeko. Udalak 315.702 euro jarriko ditu eta Nafarroako Gobernuaren erabilera askeko funtsetik 170.000 euro lan horretarako izanen dira. Funts beretik pagatuko dira proiektuaren erredakzioa eta obra zuzendaritza, 17.998 euro zehazki. Udalaren asmoa da azken lan horiek Amaia eta Bakea kaleko lanen proiektua idatzi eta obra zuzenduko duen enpresa berari ematea. Horrela aipatu lanak aldi berean eginen dira. Udal ordezkariek aurreikusi dute, Zumalakarregi plazan haurrendako jolas-parkea egonen dela. Eta aztertzen ari da hori eta ekitaldietarako espazioa estalope batean egon daitezkeen.

Heldu den urtean berrituko dira Amaia eta Bakea kaleetako sareak eta zoladurak. Bakea kalean, zehazki, Zumalakarregi plazako zatia da berrituko dena, Akelarre taberna pareko kale zatia barne. Horregatik udalean plaza berritzeko lanak aldi berean egiteko nahia. Bi kaleetako lanen aurrekontua 1.031.000,61 eurokoa da, horietatik 609.857,62 euro inguru Tokiko Inbertsio Planaren bidez pagatuko dira.

Lanak martxan
Ermita kalean hasi dira sareak eta zoladurak berritzeko lanak. Haiek ilbeltzean Isidoro Melero kalean izanen dute segida. Hasiak dauden beste lan batzuk etxegabeen aterpekoak dira. Javier Ollo Martinez alkateak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) esan duenez, 2019ko aurreneko hilabeteetan aterpetxeko altzariak jarriko dituzte eta martxorako edo apirilerako azpiegitura zabalik izanen dela espero du. Aldi berean, Zelai kalean zebrabide goratuak eta Txiki Polita kaleko zorua konpontzen ari dira langileak.

Hirigintza plan berria egiteko prozedura arautuko dituen oinarriak onartu ditu udalak aste honetan. Profesionalak aurkezteko bi hilabete emanen dituzte. Ondoren lana eman eta plana egiten hasiko dira. “Denbora luzea beharko du”. Sakanako irrati euskaldunean Ollok esan duenez, “daukagun plana Altsasuko Udalarendako jada ez da tresna bat, baizik eta askotan arazo bat. Udaleko talde guztiok ikusi genuen hirigintza plan berri baten beharra”.

Aita Barandiaran adinduen egoitza
Langileek lan karga handia dutela salatu dute behin baino gehiagotan. Horretaz aritzeko ere adinduen senideak udaletxetik pasa dira. Ollok esan duenez, “momentuz dakiguna da Nafarroako Gobernuak adinduen egoitzen ratioak aldatuko dituela. Hori oso garrantzitsua da, horrekin guk lanpostu berriak atera ditzakegulako. Egoitzako patronatuan orain aztertzen ari garena da ratioak aldatu bitartean behin behineko kontratazioak egitea da”. Alkateak azaldu duenez, “egia da langile gehiago beharrezkoak direla. Ez bakarrik Altsasuko egoitzan, beste batzuetan ere”. Eta horren zergatia argitu du: “egoitzetan bizi diren pertsonen profila aldatu egin da. Duela 15-20 urte ez zegoen orain dugun mendekotasuna. Orain egoitzan bizi diren pertsona gehienek mendekotasun handia dute eta horrek langile gehiago izatea eskatzen du”. Gobernuaren ratio aldaketa heldu den urtean izanen dela espero du alkateak.