Sara Mazkiaran zinemagileak V. Kresala saria jasoko du

Guaixe 2018ko abe. 17a, 14:22

Sara Mazkiaran zinemagilea. KRESALA ZINEKLUBA

Abenduaren 19an, asteazkenean, eginen du Kresala Zineklubak sari banaketa emanaldia Donostiako Antzoki Zaharrean. Altsasuarraren ibilbidea omendu nahi dute sariarekin

Sara Mazkiaran zuzendari-laguntzailea da. Zuzendari-laguntzailearen lana oso gutxitan baloratzen da, eta, horregatik, Kresala Zineklubak Mazkiaranen ibilbide profesionala saritu nahi izan du. Helena Taberna, Fernando Trueba eta Julio Medem bezalako zuzendariekin lan egin du altsasuarrak. Sari banaketa emanaldia Donostiako Antzoki Zaharrean izanen da 19:30ean asteazkenean, abenduaren 19ean, eta saria Daniel Calparsoro zinegilearen eskuetatik jasoko du altsasuarrak.

Euskal Herriko eta Espainiako puntako zuzendari askorekin lan egin du Mazkiaranek. Daniel Calparsororekin, saria entregatuko dion zinemagilearekin, Salto al vacio (1995) filman lan egin zuen, eta sari banaketaren emanaldiaren ondoren filmaren proiekzioa eginen dute.

Kazetaritza ikasi zuen Mazkiaranek eta, ondoren, Madrilgo Zinema Institututan zinema ikasketak egin zituen. Trebakuntza Gasteizen egindako zinema zuzendaritza masterrarekin osatu zuen. Mazkiaranen lana aditu askoren iruditegiaren zati handi bat bilakatu da.

Besteak beste, zinemagile altsasuarrak honako proiektuetan lan egin du: Alsasua 1934 (Helena Taberna, 1994); Salto al vacio (Daniel Calparsoro,1995); Ma ma (Julio Medem, 2014), La reina de España (Fernando Trueba, 2016). Gainera, Hyde & Jekill (2000), La llorona (2004), eta La recolectora (2010) filmak zuzendu zituen.

Sari banaketaren emanaldia doakoa izanen da, baina gonbidapena hartu beharko da aforoa kontrolatzeko. Gonbidapenak saioaren egunean bertan, asteazkenean, jasko ahalko dira Antzoki Zaharreko leihatilan.