Denboraldiko azken pedalkadak Urbasara

Guaixe 2018ko abe. 22a, 08:51

XXXVI. San Silbestre Zikloturista Martxarako izena ematea zabalik dago www.sdalsasua.com web orrian. Izena ematean bi aukera daude: 10 euro edo 20 euro, Conservas del Reynoko saskiarekin

Urteko azken egunean bizikleta buelta egitea urtea despeditzeko beste modu bat da eta Sociedad Deportiva Alsasuan (SDA) oso ongi dakite hori, hainbat urte baitaramatzate San Silvestre Zikloturista Martxa antolatzen. Aurten 36. edizioa izango du probak eta abenduaren 31ko 12:00etan abiatuko dira txirrindulariak Altsasuko Zumalakarregi plazatik.

Izan ere, Sociedad Deportiva taberna itxi zenetik beste aukera batzuk bilatu behar izan dituzte antolatzaileek. “Klubetik gertuena Zumalakarregi plaza dugu. Festetako afizionatuen txirrindularitza lasterketako gunea JJ taberna izan zen, San Silvestreko zikloturistako gunea Txalaparta taberna izango da eta txirrindularitzako Ramos Trofeoko topagunea, aldiz, Akelarre taberna” azaldu digu SDAko txirrindularitza ataleko arduradun Felix Mazkiaranek. Hortaz, San Silvestreko eguneko izena emateak eta oroigarri jasotzea Txalaparta tabernan egingo dira.

XXVI. San Silbestre Zikloturista Martxarako izena ematea zabalik dago. Aurretik klubeko www.sdalsasua.com web orrian egin daiteke. Bestela, probaren egunean bertan, Txalaparta tabernan. Inskripzioa osatzerakoan bi aukera daude. “10 euro ordaintzea, inskripzio normala, edo 20 euro ordaintzea eta Conservas del Reynoko Gabonetako lote ederra jasotzea” azaldu du Mazkiaranek.

Abenduaren 31n, astelehenarekin, 12:00etan aterako dira txirrindulariak Zumalakarregi plazatik. Olaztiraino taldean joango dira eta gero, Urbasaraino igoko dira, bakoitza bere erritmoan. Proba ez lehiakorra da, berez, baina lehia polita izaten da. Goian, Urbasa gainean, guztiek salda beroa izango dute zain. Gero, Txalapartan, dortsala uzterakoan oroigarria jasoko dute txirrindulariek eta lotea hautatu dutenek Gabonetako sorta izanen dute zain.

Goizez, askoz hobe
Duela bi edizio San Silvestre Zikloturista Martxa arratsaldetik eguerdira aldatu zuenetik, parte-hartzeak gora egin duela nabarmendu du Felix Mazkiaranek. “Proba eguerdira aldatzearekin bete-betean asmatu genuen. Arratsaldean zenean, ilundu egiten zen berehala, gure proba eta arratsaldeko korrikako San Silvestreak ia bat egiten zuten eta guztia pilatzen zen… Eguerdian antolatzen dugunetik, parte-hartzeak gora egin du nabarmen, bi probetan parte hartzen dutenak egon, baitaude. Egun osoan giro polita egonen da”. Aurreko urtean 144 txirrindulari aritu ziren, aurreko edizioan baino 39 gehiago, eta Jon Zeberio izan zen azkarrena.