Etorkizuna izan zuen dantza eskola

Guaixe 2018ko abe. 21a, 11:17

25. urteurrena ospatu du aurten Etorkizuna dantza eskolak eta urtea merezi bezala amaitzeko urteurrenaren amaierako emanaldia eginen du abenduaren 23an, igandean, frontoian, 18:30ean

Guraso talde batek sortu zuen 1993. urtean Etorkizuna dantza eskola. Hutsune handia omen zegoen euskal dantzen ikaskuntzan eta Juan Pablo Urizar txistularia dena mugitzen hasi zen, Iñaki Agirre Etorkizuna dantza eskolako irakasleak esan bezala. Bi irakasle izan zizren hasieran: Jesus Mari Garate eta Anable Beramendi. Haiek eman zituzten lehenengo urratsak. Sorreraren 25. urteurrena ospatzeko urtea izan da aurtengoa, eta ospakizunekin amaitzeko emanaldi berezia eginen dute igandean, abenduaren 23an, frontoian, 18:30ean. Sarrerak Iortia kultur gunean salgai daude 3 eurotan.

Hasiera xumea izan zela uste badu ere, gaur egun 100 ikasle baino gehiago ditu Etorkizuna dantza eskolak. Gaienera, Sakana ia osoko ikasleak daude: "Etxarri Aranazkoak, Ziordikoak, Urdiaingoak... Lakuntzan talde bat dago eta Irurztunen ere. Baina Altsasuko ingurukoak ia denak daude ordezkatuta". Garaiaren arabera ere bada, Agirreren esaneta: "badira urteak jende gehiagok izena ematen duela eta beste batzuetan gutxiago".

Urte berezia izan da 2018 urtea. 25 urte ez direlako urtero betetzen. Beraz, emanaldi bereziak antolatu ditu ere Etorkizunak. "Ikasturte hasieran argazki erakusketa bat egin nahi genuen, emanaldien bideoen emanaldia eta jantzien erakusketa. Eta egin genuen". Gainera, Etxarriko abesbatzarekin emanaldi berezia prestatu zuten ere. "Etxarriko Abesbatzarekin harremana dugu eta hainbat emanaldi egin idtugu elkarrekin".

Emanaldi berezia

Urteurrena despeditzeko igandean emanaldi berezia eginen dute frontoian. "Ikusleria kontuan izan dugu, izan ere, Iortian sartzen den jende kopurua mugatua da. Txiki gelditzen zen". Frontoian 600 ikus-entzuleendako lekua izanen da. Gainera, hainbat dantza "dantzari askorekin" prestatu dituztela argitu du Agirrek. "Berrogei dantzari baino gehiago egongo dira, eta horretarako edozein agertokiak ez du balio".

Oraingo dantzariak eta aurretik egondakoak ere elkartuko dira emanaldian. "Mezua zabaldu genuen inongo konpromezurik gabe", eta talde bat animatu zela azaldu du Agirrek. Sorreran egondakoak ere egongo direla aurreratu du.

"Hainbeste jenderekin holako ikuskizun bat egiten duzuenean dantzariek oso garbi izan behar dute nondik sartu behar diren, nondik atera, ordena eta gauza guzti horiek". Agirre ez da bakarrik egonen, Ane Zelaia dantzari txikiekin irakaslea ere egonen da.

25. urteurrenaren emanaldia bi zatitan banatuko da: "lehenengoa dantza tradizionala izango da eta Burundako txistulariak izango ditugu lagun. Eta bigarren zatian dantza bereziak izango dira". Hortaz, bigarren zati horretan azken urteetan egindako koreografiak izango dira: "berrikuntzak".