215 txirrindulari Urbasara Altsasuko San Silvestreko Zikloturista Martxan

Guaixe 2019ko urt. 7a, 15:03

Geroz eta arrakasta handiagoa du Sociedad Deportiva Alsasuak urteko azken egunean antolatzen duen proba ez lehiakorrak. Izotzagatik Olaztitik beharrean Altsasuko gatz ontzitik igo ziren txirrindulariak Urbasara

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) urtea despeditzeko antolatutako 36. San Silvestre Zikloturista Martxa urtetik urtera gora doa, proba ez lehiakorra arratsaldetik eguerdira antolatu zutenetik. Zifrek argi erakusten dute hori. 2017an 144 txirrindulari aritu ziren, 2016an baino 39 gehiago, eta azken edizioan, 2018ko abenduaren 31n jokatutakoan, 215 txirrindularik eman zuten izena.

Sociedad Deportiva Alsasuako taberna itxi dutenez, Zumalakarregi plazako Txalaparta tabernak hartu zuen probako izena-ematea (aurretik ere www.sdalsasua.com web gunean egin ahal zen ere izena ematea) eta probaren ondoko ekitaldia. Izan ere, eguerdian abiatu ziren txirrindulariak Urbasa aldera, baina izotz izugarria zegoenez, Olaztitik igo beharrean Altsasutik igo ziren, Altsasuko gatz ontzitik. Proba ez lehiakorra da, izatez, baina lehiakorrak diren txirrindulariek dena eman zuten eta aurreko edizioan ere lehena izan zen Ion Zeberio (16:45) izan zen Urbasara iristen azkarrena, Asier Irigoienen (denbora bera) eta Eneko Oraaren aurretik. Emakumezkoetan, Lourdes Oiarbide txirrindulari profesionala izan zen lehena. Urbasa gainean guztiek salda bero goxo-goxoa zuten zain, eta indarrak berreskuratu ondoren Altsasura jaitsi ziren, Txalaparta tabernara, dortsala itzuli eta antolakuntzaren oroigarria jasotzeko. Txapeldunek trofeoa irabazi zuten eta izena ematerakoan 20 euro ordaindu zutenak –izena emate arruntak 10 eurokoak ziren–, Conservas del Reynoren Gabonetako lote ederra.

SDAko txirrindularitza arduradun Felix Mazkiaranek adierazi digunez, proba ez lehiakorrak urtetik urtera duen arrakastarekin oso kontentu daude. “Probak urtetik urtera partaide gehiago ditu eta bere izena sendotzen ari da. Ordutegia eguerdira aurreratu izana sekulakoa izan da. Oso pozik gaude, eta txirrindulariak ere, hala esan digute”.

Argazkiak: Guaixe eta Sociedad Deprotiva Alsasua.