Ospak Foruzaingoak Huerta de Peraltan izandako jokabidea kritikatu du

Guaixe 2019ko urt. 8a, 11:49

Ospako kideek San Juan kalean egin zuten mural bat.

Azkoiengo Huerta de Peralta enpresako langileak greba mugagabea egiten ari dira, lan baldintza hobeak lortzeko eta kaleratutako lau lankide berriro lantokian har ditzaten. Ospa herri mugimenduak langileei elkartasuna adierazi die. Eta “euren lanpostuak eta eskubideak defendatzen dituzten langileen duintasuna” nabarmendu du. Foruzaingoa langileen kontra hainbatean oldartu zen  grebaren aurreneko egunetan eta horren harira Ospa herri mugimenduko kideek foru-poliziak “sistemaren oinarriak defendatzen dituzten mertzenario” gisa definitu ditu.

“Huerta de Peraltan (Maravillas gaztetxean bezala, besteak beste) argi geratu dira helburu horiek; kapitalaren interesak defendatu eta altxatzen direnak erreprimitu”. Errepresioaren aurrean “altxatu beharra” aldarrikatu dute Ospatik, “herri langilearen etsaiak direlako, Euskal Herrian lekurik ez dutelako”. Foruzaingoak alde egiteko eskatu du herri mugimenduak. Azkenik, errepresioari aurre egiteko antolatzera eta borrokatzera deitu du Ospak.