Ibai Jimenez masajista izagirretarrekin Astanara

Guaixe 2019ko urt. 9a, 11:52

Izagirre anai txirrindularien konfiantzazko masajista da altsasuarra eta beraiekin ariko da Astana Pro Team taldean

Ibai Jimenez masajista altsasuarraren ibilbidea izagirretarrekin lotuta dago. Jimenez 2012an Rural Kutxa taldean hasi zen masajista lanetan, gero Euskaltel Euskadi taldera joan zen eta bertan ezagutu zuen Ion Izagirre txirrindularia. Berari masajeak ematen zizkion eta Ormaiztegikoa Bahrain Merida taldera joan zenean hara joan zen ere Ibai Jimenez. Aurten Astana Pro Team taldeko kide dira Ion eta Gorka Izagirre eta beraiekin ere talde berrira joan da Jimenez. Gorka Izagirreren erorikoa eta gero, Ziordiko bizilaguna puntuan jartzen ibili da altsasuarra. “Kolpe handia hartu zuen, baina bekainean lau puntu egin zizkioten eta badakizu, “txapa y pintura” pixkat egin eta  martxan dago. Hurrengo egunean 150 km egin zituen!” azaldu digu Ibaik.

Ibilbide berriari ekin dio Ibaik, gogotsu. “Izagirre anaien konfiantzazko pertsona naiz eta beraiekin jarraitzen dut lanean. Gogotsu nago, aldaketek beti motibazioa handiagoa izatea ekartzen dute. Printzipioz ez da aldaketa oso handia, baina Astanan euskaldun asko gaude lanean eta alde horretatik niretako aldaketa hori oso polita da” gaineratu digu masajista altsasuarrak. Egutegiari dagokionez, ilbeltzaren 20an Calpera joko dute, traning cap bat egitera, eta lehendabiziko lasterketa ofiziala Valentziako Vuelta izanen dute.