Juntadizoa, Iruñeko Maravillas gaztetxearen alde

Guaixe 2019ko urt. 8a, 13:22
Maravillas gaztetxearen alde Altsasun jarritako pankartetako bat. Argazkia: @AltsasukoGA

17:00etan Foru plazan elkartu eta gero autoetan Iruñera joateko deialdia egin dute. Maravillas gaztetxeko kideek mobilizaziorako deia egin dute.

Iruñeko Navarreria auzoan dagoen Rozalejo jauregian, Maravillas gaztetxean, Foruzaingoa 04:50ean sartu da. Haiekin teknikariak sartu dira, eraikinaren egoera ikuskatzeko. Espainiako poliziak, bitartean, inguruko kaleak moztu ditu. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Marques de Rozalejo eraikinaren barruan obra moduko soinuak entzun zituela gaztigatu zien auzokide batek abenduan.

Lan horiek gaztetxearen erabiltzaileak arriskuan jar zitzaketela, eraikinaren babestutako elementuetan kalteak sortu edota aldameneko eraikinetan kalteak eragin zitzaketela iritzita, gobernuak Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiari eraikinean sartzeko baimena eskatu zion, Ondare Zerbitzuko teknikariek auzokidearen gaztigua benetakoa zen edo ez jakiteko. Epaitegiaren baimenarekin, eraikina ikuskatzen ariko lirateke, beraz.

Maravillas gaztetxetik, ordea, uste dute hori eraikina husteko aitzakia hutsa dela. Horregatik mobilizatzera deitu dute. Albistea sare sozialen bidez zabaldu bezain laster hainbat jendek jo du Iruñeko alde zaharrerantz. Manifestazio zaratatsua egin dute. Poliziak Labrit kalean eta Nafarroako Parlamentuaren ondoan manifestarien kontra kargatu du. Eta zaurituak daudela jakinarazi dute Iruñetik. Protestak 11:00etan eten dituzte, arratsaldean zer egin erabaki zain. 18:00etan herri batzarra izanen da Mercaderes kalean. Hara joateko hitzordua jarri dute Altsasuko Foru plazan, 17:00etan.