Diseinatzaile, margolari eta dekoratzaile gazteak

Guaixe 2019ko urt. 9a, 10:55
Intxostiapuntan eginen dituzte tailerrak.

Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean diseinatzen, margotzen eta dekoratzen ikasten tailerrak eginen dituzte asteguruan

Gazte gunearen begiraleek eginen dituzte ikastaroak, eta haien bidez eraikina apainduko dute. Gazteek erabakiko dute gazte gunearen zein gela apaindu, diseinuak prestatuko dituzte eta, ondoren, gela horiek dekoratuko dituzte. Altzariak eta margolanak eginen dituzte, besteak beste. Ostiralean, diseinatze tailerra izanen da; larunbatean, margotzen ikasten tailerra eta igandean dekoratzen ikasiko dute gazteek. Hiru ikastaroak 17:00etan izanen dira.

Iaz ikastaro hauek egin zituzten eta oso arrakastatsuak izan zirela esan du Blanki Torres Altsasuko udaleko gazteria teknikariak. Abenduan plangintza partehartzailea egin dute, eta gazteek "horrelako proposamenak" berriro egiteko eskatu dituzte.

Diseinatze, margotze eta apaintze ikastaro hauekin gazteen sormena lantzen dute, eta haien bidez ideiak praktikan jar dezakete. Gainera, gazte guneko gelak, materiala eta mobiliarioaren zaintza bere gain hartzen dute eta, horrela, Gazteria Zerbitzua baloratzea, errespetatzea eta zaintzea sustatzen dute. Ikastaroak gazteen arteko harremanak bultzatzen ditu.