640 korrikalari Altsasuko 40. San Silvestrean

Guaixe 2019ko urt. 9a, 12:25

40 urte luze hauetan zendutako korrikalariak eta bazkideak izan zituen gogoan Dantzaleku Sakana klubak eta, horrekin batera, 40 urte hauetan proba irabazi duten lau emakume altsasuarrak omendu zituzten

Altsasuko San Silvestrea beti da berezia baina aurten, akaso, bereziagoa izan zen. Izan ere, 40 urte bete zituen Nafarroako San Silvestreen artean proba beteranoena denak. Lagun Onak elkartea hasi zen lasterketa antolatzen, eta 25 urtez lan egin eta gero, duela 15 urte Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Sakana Triatloi Taldeak hartu zuten urteko azken lasterketaren ardura. Ordutik Mario Lopez de Uralde Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen korrikalari altsasuarraren omenez.

Aurtengoa data borobila zenez, 40. urteurrena, urte luze hauetan Dantzaleku Sakana klubeko korrikalari eta bazkide izan direnak omendu zituzten proba hasi baino lehen: Juan Jose Igual, Hodei Iturrioz, Esteban Martinez, Iker Borrega, Daniel Ziordia, Goizeder Azazeta, Javier Martirena eta Mario Lopez de Uralde. Horrekin batera, 40 urte hauetan emakumezkoen lasterketa irabazi duten lau altsasuarrei ere errekonozimendua egin zitzaien: Silvia Zulet (1986an irabazi zuen), Loli Mendoza (1987an), Marijo Arza (2000n) eta Jone Pelaez (2009an). Lasterketa hasi baino lehen guztien omenez aurresku oso berezia dantzatu zuten Irantzu Gonzalez Azpiroz Dantza Eskolako kideek.

Garcia de Eulate eta Izaskun Beunza, beste behin txapeldun
Aurtengo Altsasuko San Silvestreko proba nagusia osatzera 540 korrikalari animatu ziren. Altsasun antolatutako zirkuituari hiru buelta eman behar izan zizkioten, guztira 5 km inguru osatuz. Ez zen sorpresarik egon eta aurreko urteko garaipena berritu zuten Sergio Garcia de Eulate altsasuarrak eta Izaskun Beunza olaztiarrak. Biek Altsasuko proban euren bosgarren garaipena ospatu zuten.

Sergio Garcia de Eulateren atzetik Ruben Mendieta eta Imanol Irurtzun sailkatu ziren, eta Izaskun Beunzaren atzetik Erkuden San Martin eta Leire Estarriaga. Bukaeran oparia jaso zuten guztiek.

Proba nagusiaren aurretik kategoria txikiko lasterketak jokatu ziren Altsasuko Foru Plaza inguruan. 100 neska-mutil inguruk parte hartu zuten geroz eta jarraitzaile gehiago dituen proban. Zer esanik ez, korrikalariak ikustera makina bat jende hurbildu zen Altsasura eta primerako giroarekin despeditu zen urtea.

Argazkiak: Nerea Mazkiaran.