1.- Nola hasi zinen zinemaren edo ikus-entzunezkoen munduan?
Ume nintzenetik Errege Magoei zinea egiteko makina eskatzen nien; ez zinea botatzeko makina, zinea egiteko makina baizik. Ez dakit non entzun nuen halakorik, baina, nire ilusioa zen. Baina, umea nintzenean aita hil zen, eta amak ezin zion gastu horri aurre egin. Donostian lan egin nuen eta ezkondu ondoren posible izan nuenean kamera bat erostea, eta hiru urteko ikastaro bat egin nuen. Iñaki Arrubla Prades nire irakaslea izan zen, Cuatro telebistan zinema kritikak egiten ditu eta zine zuzendaria ere izan da. Gero, CTL irudi eta soinu eskolan ikastaroak egin ditut. Han Juan San Martinek klaseak eman zizkidan.1987 urtean nire semea kintoa izan zen eta dantzak grabatzea pentsatu nuen. Horrela hasi nintzen Santa Agedan grabatzen. Hasieran kinto guztien dantzak grabatzen nituen, baina, ez zituzten erosten garai haietan etxeetan ez zegoelako bideoak ikusteko makinarik. 38 urte nituen, baina ilusio eta afizio hori neukan; denborarekin profesioa bihurtu dena. Egia esaten badut, dirua galdu dut. Izan ese, oso gutxi kobratzen dut eta, aldiz, inbertsioa handia izan da: bost kamera erosi ditut, bere garaian 350.000 pezeta kostatzen zutenak eta milioi eta erdi pezetakoak ere erosi ditut. Beraz, ez dut ezer irabazi. Afizioa garatzeko egin dut gehien bat; nire burua osatuta ikusteagatik.
2.- Baina, Santa Agedako bideoak ez ezik, lan gehiago egin dituzu?
Bai, laburmetraiaren bat ere egin dut. Kezka asko dituen pertsona bat naiz. Idaztea gustatzen zait, poesia egitea, eta gauza gehiago. Familiatik datorren zerbait dela pentsatzen dut, izan ere, iloba bat idazlea da. El Espejo deitutako laburmetrai bat egin nuen, Iortia Kultur Gunean aurkeztu nuen eta, bertan, esperientzia handiko jendea zegoen. Nik ulertzen dut hasiberria naizela, eta guztia nire diruarekin egiten dudala. Orduan, jendeak esaten zidan kritika handiak jaso behar nituela. Baina, azkenean, jendeak nire lana txalotu zuen. Gizarte kritika bat zen, kritikatzea gustatzen zaidalako eta zertxobait bihurria naizelako. Gero Canal + telebista katerako Yo no soy de aquí erreportajea egin nuen. Altsasu mailan duela urte pila bat sari bat jaso nuen Asi te veo yo erreportajeari esker. Ermitas y Fiestas deitu behar nion, baina lehiaketaren oinarrietara egokitzeko beste izenburua jarri nion. 20 urteko neskato batek bere herriko jaiak nola ikusten eta azaltzen dituen kontatzen dut lan honetan. Bideoa udaletxetik desagertu zela esan zidaten. Tenerifen Monologo con mi madre grabatu nuen, beste gizarte kritika bat. Etorkinei buruzko zerbait ere egin dut. Imágenes del Pirineo lehiaketan parte hartu nuen. Ni oso herrikoia naiz, eta Altsasuko Inauteriei buruzko erreportajea bidali nuen. Hiru edo lau gehiago egin ditut, guztiak nire diruarekin.
3.- Altsasun Santa Agedako kintoen bideoak egiteagatik ezaguna zara. Oroitzapen asko izango dituzu, ez?
1987 urtean hasi nintzen, beraz, 27 Santa Ageda, eta 26 urte daramatzazkit kintoei grabatzen. Gazteek gaztetasuna erantsi didate. Haiekin zaharkitu naiz, baina, aldi berean, beraiekin nagonean gazte sentitzen naiz. Gaztetasuna kutsatzen ez dela diote, baina, nik kontrakoa pentsatzen dut. Bateriak hartu, kamera hartu, motxila … 38 urte ditudala sentitzen dut; hasi nintzeneko adin berdina. Une gogorrak ere pasatu izan ditut, gazteak nolakoak diren badakigu: garai bateko soldaduak bezalakoak dira, bakarrik daudenean oso pertsona jatorrak ziren, baina koadrilan zeudenean indartsuenari jarraitzen zioten eta lotsa galtzen zuten. Kintoak berdina egiten dute. Banaka hartuta oso jatorrak dira, baina, elkarrekin daudenean beste modu batean aritzen dira. Baina, behin Santa Ageda egiten dutenean, gazte bat niregana etorri eta esaten didanean: barkatu, pasatu nintzen; orduan min guztiak pasatzen zaizkit. 200.1 urtean plazatik bota ninduten, eta ez ziren kintoak izan. Oso gaizki pasa nuen, eta Donostiara egun batzuk pasatzera joan behar izan nintzen. Ezin dut ahaztu memoria dudalako, baina, alde batera utzi ditut une latz horiek. Gainera, helduago egin naizen heinean konturatu naiz pena ematen didala uztea.
4.- Orduan, utziko diozu Santa Agedan bideoak grabatzeari?
Aurten konpromisoagatik egin dut gehien bat. Aurretik eskatutako jendeei egingo diet. Gertatzen zait pertsona batek esaten didala: nire semeak esan dit arrebari egin zeniola eta berak ere nahi duela; orduan nik egingo diot. Baina oso gutxi ditut, eskuko behatzekin zenbatu ditzaket. Senarrarengatik utziko dut, lan puntualak direla esaten diot, baina, bizitzaosoa lan egiten egon ondoren… Baina, indarrarekin sentitzen naizen bitartean kamerekiko menpekotasuna izango dudala pentsatzen dut. Beti egingo dut bat edo beste. Noizbait eskatzen ez badidate, ez dakit plazara joango naizen edo ez, oraindik ez dut pentsatu. Baina bideo bakar bat eskatzen badidate, kioskora igoko naiz.
5.- Santa Agedan bideoak grabatzen hainbeste urte egon ondoren, herrian abizen berezi bat jarri dizute. Pili “Bideos” deitzea gustatzen zaizu?
Egia esan, ez. Modu maitekorrean esaten badute, bai; baina, bestela ez da ezer kostatzen esatea: Pilar Bueno; nor? Bideoena. Horregatik orain DVDak egiten ditudala esatea gustatzen zait. Nire aitaren abizena berreskuratu nahi dut. Izan ere, semeek gauza asko entzun behar izan dituzte, mespretxuarekin deitzen zidatelako horrela, edo Pili Bideos kanpora oihukatzen zutelako, eta abar. Nik Altsasu maite dudanarekin, ez dut ulertzen zergatik ezin duten bideoena edo kamerarena edo horrelako zerbait esan. Baina ulertzen dut herritarren artean oso barneratuta dagoela, eta, esan bezala, maitasunarekin esaten badute ez da ezer gertatzen.
6.- Kintoekin urtero egon ondoren, belaunaldiz belaunaldi aldaketak egon direla pentsatzen duzu?
26 urte hauetan iaz sentitu nintzen hobekien. Oso ongi tratatu ninduten. Iru Bide jatetxera joan nintzen eta kinto guztiak animoak ematen hasi ziren, eta nik buelta eman nuen negar egiteko eta batek esan zuen: Pili negarrez dago. Eta nik esan nion: ez, hunkituta nago. Agian adineko pertsona izatearen abantaila izango da.
7.- Lan bat entregatzen duzunean edota jendearen aurrean aurkezten duzunean, nola sentitzen zara?
Oso dudatsua naiz nire lanarekin. Noizbait lan bat bukatzean zer ongi egin dudan esaten dudanean, egun horretan hil naiteke. Oso perfekzionista naizelako. Jendeari esaten diot: ez esan zer gustatu zaizun, zer ez zaizun gustatu esan. Santa Agedako bideoetan, adibidez, sentimenduekin jolasten dut: aiton eta amonen aurpegiak, aita edo ama dantzatzera ateratzen direnean… Oso bideo pertsonalak dira. Orduna, nahiago dut esaten didatenean: hau ez zait gustatu.
8.- Zertan oinarritzen zara lanak egiteko orduan?
Pertsona bakoitzarengan oinarritzen naiz. Lehen, kintoen gustuen arabera, dedikatoriak jartzen nituen. Behin, gazte batek informatika gustatzen zitzaiola esan zidan, eta orain dena ordenagailuz egiten dut, baina, garai horretan ez nekien informatikaz ezer. Eta disko gogor bat existitzen zela entzun nuen, eta hori bideoan nola jarri pentsatu nuen. Edo pilotaria baldin bazen. Haien gustuak kontuan hartzen nituen. Aurretik ere nola egingo dudan pentsatzen dut. Adibidez, ogiak prestatzen dituztenean zein jantzi jartzen duten kontuan hartzeko eskatzen diet, izan ere, ondoren eskailerak jaisten grabatzen diet, eta 5etan etxetik ateratzen ikusten zaie; orduan, jantzi berdina jartzea eskatzen diet. Zortzikoa gutxi gora behera beti berdina da, baina, senideen aurpegiak tartekatzen ditut, plano ezberdinak egiten ditut…Laburmetraiek prestakuntza handia eskatzen dute: gidoia egitea, gidoi teknikoa, eta abar.
9.- Egiten duzun lanagatik, sarituta sentitzen zara?
Ekonomikoki ez. Pertsonalki bai. Gustatzen zaidana egiten dudalako. Muga handiak ditut, ekonomikoak gehien bat. Proiektu batean pentsatu nuen, eta Francis Arakamari azaldu nion. IX. mendeko Altsasuko istorio bat kontatu nahi dut, baina, horretarako dirua behar da. Nik badakit dirua eskatzen badut, eta Pilar Bueno Martin ikusten dutenean honako hau pentsatuko dutela: hau nor da? Eta zuzenean zakarrontzira botako dutela, izena, mundu honetan, oso garrantzitsua delako.
10.- Aktore lanak ere egin dituzu. Antzerkian eta zineman aritu zara. Zer gustatzen zaizu gehien, kameraren aurrean edo atzean egotea?
Amaren eskuak eta Las Brujas de Zugarramurdi filmetan parte hartu dut azken aldian. Sorpresa handia jaso dut, adin honekin konturatu naizelako irrintziak egiten dakidala. Kamera aurrean edo atzean egotea oso gauza ezberdinak dira. Zuzentzea gustatzen zait, zuk dena mugitzen duzulako. Baina, nik pentsatzen dut hobe dela aginduak betetzea ematea baino, horrela ezin zarelako okertu. Baina, zuzendari moduan aritzea ere asko gustatzen zait; baita interpretatzea ere.
11.- Zinemagile eta aktore ospetsu asko ezagutzen dituzu?
Zinemaldian urte luzez akreditatuta egon naiz. Jendea begiratzeko eta nolakoa den konturatzeko ona da. Aktore batzuk oso pertsona jatorrak dira, baina, hedabideen aurrean beste modu batera aritzen dira, eta kamerak itzaltzen direnean beste modu batera. Carmelo Gomezek ikusten nauenean ea nire lanak noiz ikusten dituen esaten dit. Ni ez naiz anbizio handiko pertsona bat. Mundu honetan nabarmendu izana gustatuko litzaidake, baina, ez da aukera iritsi. Loteria irabazten badut, nork daki.