Naiara Diezen Lointek Gernikak Galatasaray du aurkari gaur EuroCupeko playoffetan

Guaixe 2019ko urt. 10a, 13:18

Ilbeltzaren 3an, etxean, 84 eta 69 irabazi zieten gernikarrek Galatasaray txapeldun handiari eta gaur itzulerako partida dute, Istanbulen

Naiara Diez saskibaloi altsasuarraren Gernika Bizkaia taldeak historia egiten jarraitzen du. Iaz EuroCupean parte hartu zuen taldeak lehen aldiz, baina ez zen lehen fasetik pasa. Aurten, aldiz, EuroCupeko 2. fasean edo playoffetan jokatzeko sailkatu zen talde bizkaitarra lehendabiziko aldiz bere historian, lehen fase bikaina egin eta gero. Are gehiago, ilbeltzaren 3an jokatutako playoffetako lehendabiziko partidan 84 eta 69 irabazi zion Lointek Gernikak nori eta egungo EuroCupeko talde txapeldunari, Istanbuleko Galatasaray taldeari. Partida inoizko girorik beroena izan zuen Gernikako Maloste kiroldegian jokatu zen eta ikusgarria izan zen Naiara Diez kapitain altsasuarraren taldeak lortutakoa.

Denboraldi bikaina darama taldeak. Eurocupean jokatutako 9 partidetatik 6 irabazi ditu eta Emakumezkoen Dia Ligan jokatutako 14 partidetatik 11 irabazi ditu eta sailkapenean hirugarrena da Lointek Gernika (25 +2 puntu), Spar Citylift Girona talde liderretik (27+9 puntu) 2 puntura. Igandean sailkapenean bosgarrena den Valencia B.C. taldearen kontra jokatuko dute, 18:30ean, Valentzian. Baina lehenago hitzordu garrantzitsua dute, gaur, ostegunean, 17:30ean EuroCupeko playoffetako itzuliko partida jokatuko baitute Galatasaray txapeldunaren kontra, Istanbuleko Ahmet Comert Sports Hall kiroldegian.

Erotzeko moduko astean, Istanbuleko hegaldia hartu baino lehen hitz egiteko aukera izan genuen Naiara Diezekin. “Galatasarayren kontrako garaipena historikoa izan zen, Galatasaray delako aurreko urteko EuroCupeko txapelduna. Beraz, oso pozik gaude, baina badakigu itzuliko partida oso zaila izango dela, Istanbuleko giroa oso gogorra delako. Baina erronka polita da, pozik goaz eta ea zelako lana egiten dugun” azaldu zuen.

Izan ere, oso sutsuak dira Istanbuleko zaleak. “Emakumezkoen saskibaloiak ere zale asko ditu Istanbulen. Partidak animatzera jende asko joaten da, baina gure mailako jokalariei asko gustatzen zaigu halako giroetan jokatzea eta polita izango da Istanbulen jokatzea” gaineratu zuen.

Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da Malostera Lointek Gernika emakumezkoen taldea animatzera. “Maloste askotan betetzen da, saskibaloiak sekulako zaletasuna du Gernikan, baina Galatasarayren kontrako partidan akaso girorik onena izan genuen. Eskertzekoa da zaleen babesa; jokatzeko orduan asko nabaritzen da eta eskertzen da. Horregatik ere irabazten dira partidak” aitortu zuen.

Gaur partida gogorra espero du Naiara Diezek. “Hasieratik presionatzera aterako dira beraiek, eta guk defentsa sendoa egin beharko dugu eta erasoan efektiboak izan beharko gara, gure jokoa egin beharko dugu” nabarmendu zuen. “Guk Malosten 15 puntugatik irabazi genuenez, Istanbulen 14 puntu baino gutxiagoko aldearekin galtzen badugu ere, guk egingo genuke aurrera EuroCupean eta EuroCupeko 16 talde onenen artean sailkatuko ginateke beste fasera pasatzeko. Dena den gu partida jokatzera eta irabaztera aterako gara. Badakigu giroa gogorra izango dela, baina irabaztera goaz” azpimarratu zuen.

Lointek Gernika maila horretan egoteko babesleek eta taldeko arduradunek egindako lana eta esfortzua eskertu zuen Diezek, baina emakumezkoen kirola sustatzeko oraindik ere ahalegina egin beharra dagoela gaineratu zuen altsasuarrak.

Naiara Diez, kapitain Altsasuarra
Naiara Diez CBASK Altsasu saskibaloi taldean trebatu zen. Ardoi taldetik pasa zen eta Zaragozan aritzeko aukera sortu zitzaion. Ondoren Iruñera bueltatu zen. 7 denboralditan aritu zen Emakumezkoen Ligako lehen mailan, azkeneko lau denboralditan UNB Obenasarekin. Baina krisiaren eraginez Nafarroako taldea desagertu eta gero, 2013-2014 denboraldirako Emakumezkoen Ligako 2. mailako Gernika taldean aurkitu zuen tokia eta 2015/2016 denboraldian Gernika mailaz igo eta gero, ordutik lehen mailan dabil, Emakumezkoen Ligan. Eskolta postuan jokatzen du Diezek (Altsasu, 1987-01-29, 1,81 m). Taldeko jokalaririk kuttunenetakoa, Gernikako kapitaina da altsasuarra.