Huts egindako hiruko batengatik EuroCupetik kanpo geratu zen Naiara Diezen Lointek Gernika

Guaixe 2019ko urt. 11a, 11:23

Atzo Istanbulen Galatasaray taldearen kontrako partidan 76 eta 58 galdu zuen Lointek Gernikak. Joaneko partidan 15 tantoko aldeagatik irabazi zuten bizkaitarrek, baina itzulikoan 18 tantoren aldearekin galdu zutenez, Galatasarayk eginen du aurrera EuroCupean.

EuroCupeko playoffetako itzuliko partida jokatu zuten atzo arratsaldean, Istanbuletan, Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarraren Lointek Gernika Bizkaiak eta egungo txapelduna den Galatasaray taldeak. Galasarayren kantxak, Istanbuleko Ahmet Comert Sports Hall kiroldegiak, hartu zuen partida erabakigarria eta partida oso konplikatua izango zela bazekiten gernikarrek. “Badakigu oso zaila izango dela, are gehiago Galatsarayren kantxan, zale asko joaten baitira animatzera eta oso zale sutsuak direlako, izugarri presionatzen dutenak. Baina guk joaneko partida irabazi genuen Gernikan, giro hauetan jokatzea gustuko dugu eta ongi jokatzera eta irabaztera aterako gara” adierazi zuen Naiara Diez altsasuarrak, taldeko kapitainak.

Joaneko partidan 15 tantoko aldea atera zuten gernikarrek, eta 14ra puntuko aldeaz galduz gero, EuroCupean aurrera egingo lukete. Atzoko partida hasi eta berehala aldea ateratzen hasi zen Galatasaray, lehen laurdenetan 15 puntu ateraz. Egia esan, partida guztian barna markagailuan bere horretan ibili ziren: 14-15 tantoko abantaila zuen Galatasarayk, Gernika Lointekek EuroCupean aurrera egiteko aukerekin. Azken segundora arte borrokatu zuten bizkaitarrek. Galatasarayko Farhiya Abdi (18 puntu) eta Victoria Macaulay (19 puntu) Lointek Gernikaren areriorik gogorrenak izan ziren, eta hiruko jaurtiketa portzentaje handia egin zuen Galatasarayk. Lointek Gernikatik, aldiz, Valeriya Berezhynska (16 puntu) eta Blake Dietrick (14 puntu) izan ziren finenetakoak.

Tamalez, gernikarren azken saiakera, hirukoa, ez zen sartu eta 76 eta 58 galduta, 18 tantorengatik galdu zuten Naiara Diezek eta bere taldekideek, sailkatzeko aukerak izateko 3 puntu eskasera.

Istanbuletik bueltan, bihar Valentziaren kontra
EuroCupean aurrera egiteko horren gertu egon eta gero, txapelketatik kanpo geratu izanagatik triste egongo dira jokalariak, eta bidai gogorra dute aurretik. Baina ez dute ahaztu behar denboraldi bikaina daramatela. Historian lehenengoz EuroCupeko playoffetarako sailkatu ziren, Galatasarayri partida bat irabazi eta egungo txapelduna txapelketatik kanpo zorian uzteko egon da Naiara Diezen taldea eta, Espainiako Emakumezkoen Dia Ligan, lehen mailan, 14 partidetatik 11 irabazita sailkapenean hirugarrena da Lointek Gernika (25+2 puntu), Spar Citylif Girona liderretik (27+9) bi puntu eskasera. Hain zuzen ere, Instanbuletik bueltan, bihar, larunbatean, ligako partida dute sailkapenean bosgarrena den Valencia taldearen kontra, Valentzian.