Antzerki bidezko zinemari omenaldia

Guaixe 2019ko urt. 18a, 12:21

Gag Movie ikuskizuna izanen da bihar, ilbeltzaren 19, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Yllana antzerki konpainia ezagunaren antzezlana da Gag Movie. Zinemaren munduaren inguruko umorezko kontakizuna egiten du konpainiak, film baten errodajean oinarrituta. Hortaz, errodaje horretan sortzen diren nondik norakoak azaleratzen ditu Gag Movie ikuskizunak: diva sentitzen den aktore nagusia, zuzendari perfekzionista, produktore mafiosoa eta entxufatu duten produktorearen biloba. Bihar, larunbata, izanen da emanaldia, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Sarrera gutxi batzuk gelditzen dira.

Gag Movie ikuskizunarekin zinemari omenaldia egin nahi izan dio Yllana antzerki konpainiak. Nola eta film zentzugabe baten filmaketa erakutsiz. Zinemaren munduaren satira dibertigarria da: famari, irudiari eta zazpigarren arteari buruzko umorezko kontakizuna.

Antzerkia egiten duten zinemazaleak direla diote Yllana konpainiako kideak. Beraz, zinema eta antzerkia uztartu nahi izan dute. Gag Movie antzezlanean film baten errodejeari buruz hitz egiten dute, baina ez da zinemarekiko duten harremana bakarra. Izan ere, Yllanaren hizkuntza zinematografikoa da. Konpainia 1991an sortu zuten eta ordutik 27 lan egin dituzte. Gainera, hainbat sari irabazi dituzte.