Nafarroako Kros Motza, igandean Altsasun

Guaixe 2019ko urt. 18a, 13:50

XXXIII. Altsasuko Krosa jokatuko da igandean Dantzalekun, goizeko 10:30etik aurrera. Hasieran kategoria txikiko probak jokatuko dira eta Nafarroako Kros Motza Txapelketa izango den proba nagusia 13:30ean hasiko da (5,2 km) Dantzalekuko paraje zoragarrietan barna

Dantzaleku Sakana atletismo klubak antolatuta, XXXIII. Altsasuko Krosa jokatuko da igandean Dantzalekun, Nafarroako Atletismo Federazioaren, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren, Altsasuko Udalaren, Katealderen eta hainbat entitateren laguntzarekin. Altsasuko Krosa, aldi berean, Nafarroako Kros Motza Txapelketa izango da eta Dantzaleku inguruko paraje zoragarrietan jokatuko da, 5,2 km izanen ditu, eta atleta federatuez gain, federatu gabekoek ere parte hartu ahalko dute.

XXXIII. Altsasuko Krosa 13:30ean abiatuko da, Dantzaleku pistatik. Pistari itzuli bat egin eta gero, Dantzaleku, Basoitxi eta Usolarrain inguruetan prestatutako ibilbideari 4 itzuli egin beharko dizkiete korrikalariek, Dantzalekuko pistetako helmugara iristeko. 5,2 km-ko proba da eta 16 urtetik gorako korrikalariek hartu ahal dute parte, federatutakoek eta federatu gabekoek. Altsasuko proba, aldi berean, Nafarroako Kros Motza Txapelketa da eta, hortaz, Nafarroako txapeldunak erabakiko ditu. Euria iragartzen dute iganderako. Hortaz, krosa are krosagoa izango da.

Aurretik, NKJ-eko probak
Altsasuko Kroseko proba nagusia jokatu baino lehen, Nafarroako Kirol Jolasetarako baliagarriak diren kategoria txikiko lasterketak jokatuko dira, goizeko 10:30etik aurrera. Goizeko 10:30ean 18 urtez azpiko 4x1000 m erreleboak jokatuko dira, 10:50ean 16 urtez azpiko 4x800 metroko erreleboak, 11:10ean 14 urtez azpiko 4x800 erreleboak, 11:30ean 12 urtez azpiko 4x550 m erreleboak, 11:50ean 10 urtez azpiko 4x550 m erreleboak, 12:30ean gizonezkoen nagusien proba (4.000 m) eta 13:00etan emakumezkoen nagusiena (4.000 m).

Izena emateko azken eguna, gaurkoa
Altsasuko Kroseko proba nagusian izena ematea zabalik dago gaur, ilbeltzaren 18ko 18:00ak arte www.dantzalekusakana.com web gunean. Izena ematearen truke 5 euro ordainduko dira probaren egunean bertan, dortsala jasotzerakoan. Federatuez gain, federatu gabekoek ere hartu ahalko dute parte eta gutxienez 16 urte izan beharko dituzte korrikalariek.

Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak diren probetarako izena ematea, aldiz, atzo itxi zen Nafarroako Atletismo Federazioan.  

Azkena, 2017koa
32. Altsasuko Krosa 2017ko otsailaren 19an jokatu zen, bi distantziatan, 8 km eta 4 km. 150 korrikalari inguru aritu ziren guztira. Proba luzean Ion Sola (23:26) eta Tania Saez de la Fuente (29:43) gailendu ziren, eta Sergio Garcia de Eulate (laugarrena, 23:58) eta Ginesa Lopez (hirugarrena, 30:46) izan ziren lehen sakandarrak. Proba laburrean, aldiz, Mostapha Charkik (12:19) eta Izaskun Beunza olaztiarrak (14:25) irabazi zuten, eta Raul Audikana lehen gizonezko sakandarra izan zen (hirugarrena, 13:19).