Pentsiodunek kalean segitzen dute, aldarrikatzen

Guaixe 2019ko urt. 21a, 08:23

Pentsio duinen alde Zumalakarregi plazan pasa den astean egindako kontzentrazioa.

Gaur, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean eginen dute kontzentrazioa.

Sasoiak eta Nafarroako Pentsionistak Martxan erakundeek deituta 40 bat pertsonak kontzentrazioa egin zuten Zumalakarregi plazan pasa den astelehenean. Gaur udaletxe parean eginen dute 12:00etan. Pentsio duinen aldeko aldarrikapena betetzeko honako aldarrikapenak eginen dituzte: Kontsumo Prezioen Indizearen araberako eguneratzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, iraunkortasun faktorea ezabatzea, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, genero arrakala desagertaraztea bai soldatetan bai pentsioetan eta Nafarroan pentsio sistema propioa publikoa sortzea.

Hauteskunde garaia dela eta pentsiodunen aldarrikapenak “muskulua erakusteko garaia” dela gaineratu zuten aurreko astean. “Hautagaitza guztiek gure eskaeren berri izateko ahalegina egin behar dugu”. Horregatik, ez dute mobilizazioren bat egitea baztertzen. Eta pentsio duinen aldeko eskaerak egoki egiteko argudioz hornitu beharra dagoela gaineratu dute eta iragarri dute otsailaren 12an Nekane Juradok (Ekonomia Zientzietan, Aktuariotza eta Finantza Zientzietan eta Psikologia Klinikoan lizentziaduna) hitzaldia emanen duela Altsasun.

Bestalde, Otsailaren 22ko plataformak kontzentrazioak egiteari utzi dio, momentuz. Hala ere, pentsio duinen aldeko borrokarekin konpromisoa berretsi du eta haien alde lanean segitzen duela gaineratu. Izan ere, Nafarroako eta estatuko (Coespe) koordinadoretan parte hartzen segitzen du Otsailaren 22ko plataformak. “Gauzak aldatu eta deialdiak egin behar izanez gero, borrokan izanen gara. Eskerrik asko ia urte batez babestu gaituzuenoi”.