Nafarroako Kros Motza Altsasun: Maitane Melero eta Ivan Acereda txapeldunak

Guaixe 2019ko urt. 24a, 16:00
Emakumezkoen podiuma. Argazkiak: Utzitakoak

XXXIII. Altsasuko Krosa jokatu zen igandean Dantzalekun, euripean, aldi berean Nafarroako Kros Motza Txapelketa zena. Puntako korrikalariak lehiatu ziren eta Maitane Melero eta Ivan Acereda izan ziren azkarrenak. Aurretik, NKJko erreleboko lasterketak jokatu ziren

Altsasuko Dantzaleku pistetan jokatu zen, igandean, XXXIII. Altsasuko Krosa, aldi berean Nafarroako Kros Motza Txapelketa izan zena. Dantzaleku Sakana atletismo taldeak antolatu zuen, Nafarroako Atletismo Federazioaren, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren, Altsasuko Udalaren, Katealderen eta beste hainbat babesleren laguntzarekin. Lohia eta euria izan ziren protagonista, baina proba nagusian 130 gizonezko eta 47 emakumezko izan ziren parte hartzera animatu ziren korrikalariak, Nafarroatik etorri litekeen korrikalari onenak. Euriarengatik Dantzaleku, Basoitxi eta Usolarrainen prestatutako zirkuitua oso irristakorra zegoen, zirkuitua gogortu zen eta erorketa dezente egon ziren.

Gizonezkoen proban (4 km) faboritoen artean zegoen Javier Nagorek ezin izan zuen Altsasura etorri, lesioagatik, baina sekulako partaidetza zegoen, Nafarroako korrikalari onenak. Grupompleo taldeko Ivan Aceredak hasieratik bukaerara dominatu zuen lasterketa. Azkeneko itzulian erorikoa ere izan zuen, baina Altsasuko Krosa irabaztea lortu zuen (13:48) eta Nafarroako Kros Motzeko txapeldunak sei segundo atera zizkion Ayrton Azcueri (Ardoi, 13:54) eta 20 segundo Atarratze Beñat Rotari (Hiru Herri, 14:08). Sakandarren artean Ruben Mendieta izan zen onena, helmugan 28.a (15:08).

Eta, emakumezkoetan, gripea guztiz gainditu gabe zegoen Maitane Melerok lortu zuen gailentzea lasterketa oso estuan. 47 emakumek hartu zuten irteera, Nafarroako korrikalari onenak, eta horietatik 41 iritsi ziren helmugara. Maitane Melero, Vanesa Paca, Alicia Arrera, Maider Leoz eta Amaia Melero elkarrekin ibili ziren proba guztian eta azkeneko metroetan erabaki zen lasterketa, esprint estuan. Maitane Melerok (16:08) bi segundo atera zizkion Vanesa Pachari (16:10) eta 6 segundo Alicia Carrerari (16:14). Lehen sakandarra Izaskun Beunza izan zen, helmugan 12.a (17:38). Taldeka, gizonezkoetan Hiru-Herri kluba eta emakumezkoetan Grupompleo gailendu ziren.

Herrikoia Morenorendako
Ondoren, federatuak ez zirenendako 5,2 km-ko Altsasuko kros herrikoia jokatu zen. Javier Moreno gailendu zen Imanol Oiarbideren eta Iban Sobredoren aurretik, eta emakumezkoetan Teresa Martinez Galar izan zen aritu zen emakume bakarra.

Aurretik, kategoria txikiko erreleboak
Altsasuko Krosa jokatu aurretik, Nafar Kirol Jolasetarako (NKJ) baliagarriak diren kategoria txikikiko erreleboetako lasterketak jokatu ziren, goizeko 10:30etik aurrera, Dantzalekun. Lauko taldeetan lehiatu ziren korrikalariak. 10 urtez azpian 16 talde aritu ziren eta Hiru Herri B izan zen azkarrena (8:55), Dantzaleku Sakanaren aurretik (9:10). 12 urtez azpiko erreleboetan 20 talderen artean Hiru Herri C gailendu zen (8:10) eta Dantzaleku Sakana laugarrena sartu zen (8:40) eta 14 urtez azpian aritu ziren 12 taldeetatik Hiru Herri Ak irabazi zuen (12:42). 16 urtez azpikoan 10 talde aritu ziren eta Hiru Herri A gailendu zen (11:37). Dantzaleku Sakana 9.a sailkatu zen (13:44). Eta, azkenik, 18 urtez azpikoan erreleboetan aritu ziren 6 taldeen artean Hiru Herri A izan zen azkarrena (18:07) eta Dantzaleku Sakana 6.a sailkatu zen (19:50).

Balorazio positiboa
Dantzaleku Sakana taldearekin antolakuntzan aritu zen Mikel Lakuntzak Beleixe irratian (107.3 FM) azaldu zuenez, ongi joan zen Altsasuko krosa. “Goiz gehiena euripean, haurrekin igual argixeago egon zen, eta alde horretatik neketsuago egin zen lasterketa. Dena den Altsasuko Krosak zerbait berezia du, baso itxian jokatzen da, toki paregabean, eta korrikalari askok esaten digute hori, ederra dela, baso itxian aritzea faltan botatzen dutela beste probetan. Euriagatik lokatza zegoen eta irristakorra, eroriko batzuk ere egon ziren, bihurguneak eta aldapatxoren bat ere baitzeuden ibilbidean, gustuko dutenek eskertzen dutena” adierazi zuen.

NKJko errelebo probak berrikuntza izan direla gaineratu zuen Lakuntzak. “Talde mistoak ziren, lau korrikalariz osatutakoak, eta bakoitzak itzuli bat egin behar zuen. Bere berezitasuna du, taldekako karrerak oso politak direlako, taldea baita garrantzitsua, baina badu ere beste alde bat, klubek nahikoa jende ez badute korrikalari batzuk parte hartu gabe geratzen direlako. Guk, Dantzaleku Sakanan, 16 urtetik beherako errelebotan talde bat genuen, baina kide bat gaixotu zen eta gainontzeko hirurak lasterketan aritu gabe geratu behar izan zuten. Eta 14 urtetik azpikoan ere talde bat ezin osatu geratu ginen, neskarik ez genuelako. Dena den, adin txikikoak, 10 urtekoak eta korrikan ikustea oso polita da” aipatu zuen.

Nafarroako Kros Motza Txapelketan Nafarroako korrikalari onenak aritu zirela gaineratu zuen Lakuntzak, eta lasterketa bikainak izan zirela. Eta, bukaeran, federatuta ez daudenendako Altsasu herri krosa antolatu zutela gaineratu zuen “proba federatu gabekoei irekitzeko, Altsasuko krosean aritzeko aukera izan zezaten. Parte-hartzea ez zen oso handia izan, espero genuen, baina aukera hori ematearen alde egin genuen” nabarmendu zuen Lakuntzak. Bukatzeko, Lakuntzak Katealde eta gainontzeko babesleak eskertu zituen, proba aurrera ateratzeko emandako babesarengatik.

Nafarroako Kros Laburra
Gizonezkoak
1.Ivan Acereda    13:48
2.Ayrton Azcue    13:54
3.Atarratze Beñat Rota 14:08
28.Ruben Mendieta    15:08
43.Iraitz Senar        15:38

Emakumezkoak
1.Maitane Melero    16:08
2.Vanesa Pacha    16:10
3.Alicia Carrera    16:14
12.Izaskun Beunza    17:38
36.Leire Estarriaga    20:03