Injustiziak eta amorruak sortu duen jota altsasuarra

Guaixe 2019ko urt. 28a, 11:14

Kruz Mari Martinez Larrea musikari altsasuarrak Altsasuko auziaren inguruko jota bat idatzi du

"Kaguen sos, esto no es normal". Hau ez da normala. Horrela hasten da Kruz Mari Martinez Larrea musikariak sortu duen jota. Modu "soilean" sortu zuela adierazi du. Jota herritarren adierazpenerako doinua zen, eta Kruz Mari horretaz baliatu da Altsasuko injustiziaren aurrean "jendearen amorrazioa" doinuen bidez adierazteko.

Trasteando musika taldeko zuzendaria da Kruz Mari, eta azkenengo kontzertuan Fermin Valenciaren Kutxitxi jota interpretatu zuten. Une horretan sortu zitzaion Kruz Mariri jota bat egiteko ideia, "eta amorrua adierazteko bi jota asmatu nituen".

"Jota oso aldarrikatzailea zen eta edozer gauza adierazteko balio zuen". Herritarrak adieratzeko modu bat zen. "Gorputzak eskatzen zidan". Gorputzak gertatzen ari denaz abestea eskatzen zion. Hortaz, gitarra hartu eta entsegu tokira joan zen. Orduan sortu zen Altsasukoen aldeko jota. Duela gutxi amaitu zuen jota, estribilloa gehitu ondoren.

Sortutako jota Altsasuko auzia ezagutarazteko eta haren inguruan adierazteko kanal "desberdin" bat eskaintzen duela adierazi du Kruz Marik. Baita "zentzugabekeri hau" aldarrikatzeko beste modu bat eskaintzen du ere. "Jende helduendako erosoa da jota bat entzutea". Jendeak gogoz entzuten duela azaldu du Kruz Marik.

Etxean modu "soilean" sortutako abestia da Kruz Marik sortu duen jota, aldiz, musikaria "harrituta" dagoela aitortu du, izan ere, jota Hego Ameriketara iritsi dela esan du. Ez da Kruz Marik sortzen duen lehenengo pieza. Konpositore bezala Kruz Marik Altsasuko zortzikoa eta beste hainbat herri abestiak sortu ditu, baita Iortia Turrillasen musikarekin sortutako beste pieza bat.