Otsailaren 5etik 9ra, arratsaldero, Altsasuko kintoek, banan-banan, herriko zortzikoa dantzatuko dute plazan.
1. Zergatik kintoen laguntzaile izan?
Aitziber. Txetxogatik. Ostiral batean Maixabeli esan zion Beramendik utzi behar zuela eta jendea behar zutela. Maixabelek segituan baietz esan zuen. Eta berehala ni konbentzitu nindun.
Maixabel. Ez nion baietz esan, uste nuen ezin niola ezetz esan.
Txetxo. Santa Ageda otsailean izan zen, eta amaituta, martxoan edo esan nien. Beramendik esan zidan utziko zuela eta dantzatik ezagutzen nituen elkarrekin aritu ginelako.
M. Erantzuna bazenekien!
2. Dantzariak izandakoak zarete, beraz. Garrantzitsua da kintoen laguntzaile izateko?
A. Ez. Nik uste ez zarela zertan dantzaria izan behar zortzikoa eta jota eta porrusalda irakasteko. Hori edonork irakatsi dezake. Saltsera puntu bat izatea da garrantzitsua. Dantza gustatu behar zaizu, hori bai. Zortzikoa bereziki.
M. Dantza betidanik gustatu zaigueta beti egon gara horretan sartuta.
3. Lehenengo emakumeak zarete, hori bai. Erronka bezala hartzen duzue?
M. Emakumea izatearena ez dut berezia ikusten. Hemen ez nago emakumea izategatik, gustatzen zaidalako baizik. Beti gizonak izan dira bai erakutsi dutenak bai dena egiten zutenak, eta erronka bat da. Baina garrantzitsuagoa iruditzen zait euskalduna izatea.
A. Apustu handiagoa da hizkuntzarena emakumearena baino. Berdintasunarena lortuta dago.
4. Zuek kintoak izan zinetenean ez zenuten dantzatu.
M. Orduan beste mundu bat zen. Borroka egin genuen, baina gu joaten ginen gonbidatuak kafea hartzera eta listo. Dantzatu eta festan parte hartu gaur eguten den bezala ez.
A. Zure kinta izan zen bigarrena baserritarrez janzten. Hor hasi zen pixka bat mugitzen.
5. Eta, orain, kinto guztiek parte hartzen dute berdintasunean. Nola ikusten duzue?
A. Garapen positibo bat eman da, dudarik gabe. Duela urte batzuk hasi zen, poliki-poliki, eta modu natural batean lortu den zerbait da.
6. Nola doaz entseguak? Aurretik dantzak bazekiten?
M. Badoaz. Soinua eta dantzaren erritmoa ezagutzen zuten, baina dantza egiten erakutsi behar zitzaien.
A. Aldaketa nabarmena izan da bigarren astetik aurrera. Batzuk zerotik hasi dira. Zortzikoa gutxi gora behera badakite, ikasteko eta erakusteko erraza da. Okerragoa da jota eta porrusalda. Beste mundu bat da.
7. Zergatik egiten zaie zaila jota eta porrusalda?
M. Ez dakit. Agian da plazan gutxiago dantzatzen dutelako. Guk betidanik ezagutu ditugu dantza hauek, ez bakarrik dantza taldean. Jota eta porrusalda taldean sartu aurretik ezagutzen genituen plazan dantzatzen genuelako.
A. Ez dakit zer den. Oreka, bueltak emateko modua... detailetxoak dira. Zortzikoak oso ongi ditu denborak markatuak.
8. Hala ere, ikasle onak dira.
A. Bai, eta jarrera oso garrantzitsua da. Gehiengoen jarrera oso ona da. Hasieran binaka jartzen diegu, plazan baleude bezala, eta hasierako zatia guztiz dantzatzen dute. Gero bigarren zatia egiten dute, jota eta porrusalda. Eta gero errepikatzen dugu. Egun bakoitzeko bost zortziko inguru egiten ditugu.
M. Bitartean gu bueltaka aritzen gara eta gaziki doana edo erritmoa galtzen diodanari esaten diogu.
A. Jende asko etortzen da ikustera, gehien bat ostiraletan. Badirudi plazan daudela. Nik batzuetan ez dut ongi pasatzen. Zuri begira daude, eta norbaiti zerbait gaizki egin duela esan behar badiozu, guztiek ikusten dute ere.
M. Beste alde batetik ongi etorriko zaie, plazara ohitzeko.
9. Ilbeltzaren 8an hasi zineten. Dantzak ikasteko nahikoa da?
M. Hilabete bat zortzikoa dantzatzeko, bai. Baina jota eta porrusalda ongi iksteko ez da nahikoa.
T. Hala ere, zortzikoan galtzea ere zaila da. Plazan jota eta porrusalda guztiek dantzatzen dute, baina zortzikoa batek.
A. Horregatik, zortzikoan dantzagaia oso garrantzitsua da eta esaten diegu bikoteak lasaitasuna adierazi behar duela. Dantzagaiak markatzen dio erritmoa, bueltak, eta oso urduri bazaude esaten badizute buelta eman behar duzula, ematen duzu buelta.
M. Bai. Baina hilabete batean kontzeptu horiek guztiak ikastea oso zaila da.
10. Santa Ageda egunetan, zein da zuen lana?
M. Gu orain hasi gara, orduan ikusiko dugu orain egin behar duguna. Txetxok esango digu. Baina niri gustatuko litzaidak neskak lehen bezala bezperan kantatzera ateratzea. Neskek berdintasunean parte hartzea lortu dute eta emakumeena zena, gurea zena, galdu dute. Orduan, nik uste hori berreskuratu beharko genukeela. Ez dakit nola. Aurten gure lehenengo urtea da beraiekin. Baina gauza polita izango litzateke.
A. Oraindik ez dakigu nola egingo dugun baina plazan egon beharko gara kontrolatzeko dantzatzen dutela. Baina bost egun dira, hiru ordu egunero, bakoitzak gure familia dugu eta moldatu beharko gara. Niri ezinezkoa egiten zait egunero denbora guztitan han egotea. Nik konpronmezua hartu nuen dantza erakusteko, eta ahal dudanean plazara joango naiz.
T. Plazan norbait egon behar da kinto batek bukatzen duenean nahaste borrastea egoten delako. Orduan, pixka bat kontrolatu eta antolatu behar da dena.
M. Azkenean herriak dirua ematen du eta haiek espektakulu txiki bat egin behar dute.
11. Zer nolako harremana sortzen da?
M. Nik oraindik ez dakit. Denbora gutxi daramagu, egunean ordu bat da, eta irakasten ari gara. Orduan, ez dugu denborarik beraiekin hitz egiteko.
A. Plazan edo egunen batean beraiekin bazkaltzera joaten bagara sortzen dela uste dut. Batzuek gertutasun gehiago erakusten dute, beste batzuek baino.
T. Gero gehiago irekitzen dira, horregatik interesgarria da bazkari pare batera joatea. Baina nabaritu dut bi emakime etorri direla. Beti gizonak izan dira, eta neskak ireki dira. Giro hobeagoa dago.