Gazte-txokoak parte hartzearen bidez osatuko du aurtengo plangintza

Guaixe 2019ko ots. 2a, 12:39

12 eta 23 urte arteko ehun bat gaztek parte hartu dute. Haiek egindako proposamenekin programazio proposamena prestatuko dute udalaren Gazteria Batzordeak aztertu eta onar dezan.

Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak parte-hartze prozesu bat egin du aurtengo plangintza gauzatzeko. Zerbitzuko teknikari Blanki Torres, gazte-txokoko begiraleak eta ikastetxeetako berri-emaileak izan dira prozesua aurrera eramateaz arduratu direnak. Torresek esan digunez, “ ezinbestekoa da gazteek parte-hartze aktiboa izatea prozesuan, haien ikuspuntu, ardura, behar, kezka, interes, eta abarrak gertutik ezagutzeko”. Eta berriemaileek prozesuan izan duten “funtsezko eginkizuna” nabarmendu du. Ikastetxe guztietan postontziak jarri dituzte eta mailaka azalpenak eman dituzte. Sare sozialak erabili eta gazte-txokoan bilerak ere egin dituzte.

Parte-hartze prozesua egiterakoan “genero-ikuspegiak toki nabarmena” izan duela jakinarazi digu Torresek. Horregatik, “neskek eta mutilek egindako proposamenak agerian jartzeaz aparte, atal desberdinetan sartu ditugu, bi sexuen abiapuntuak eta behar zehatzak zein diren jakiteko.  Horrela, ikuspegi inklusiboa, askotarikoa eta erreala lortu dugu, batzuek zein besteek egindako proposamenak jasoko dituen jarduketa-plana diseinatzeko”.



Proposamenak eta iradokizunak
Hona neskek zer programatzea proposatu duten: dantza, shuffle, sexualitatea, generoa, bullyinga, lehen sorospenak eta abar lantzeko proposatu dute. Baita, Euskararen Egunerako olerkiak eta bertsoak egitea, La Morea merkataritza-zentrora eta azokara joatea ere. Mutilek, berriz, zerrendatu dituzten proposamenak dira: telebista bat jartzea futbola ikusteko, boxeo-tailerra, paintball, herri kirolak, survival (zonbiak), irtenaldiak rokodromora, pin-pon txapelketak, futbolina, karsak, billarra, kartak, eta abar.  

Bai neskek bai mutilek egindako proposamenak ere jaso dituzte: Playn jokatzeko joko gehiago antolatzea, scape rooma, irteerak rokopolisera, izotz-pistara, saltingera, Portaventurara irteera, hondartzara irteera….  Era berean, gaueko joko eta gynkana gehiago egiteko proposatu dute, "gaupasa" egitea Gazte-txokoan, sukaldaritza-tailerrak, karta-txapelketak eta mahaiko jokoak, bingoa, herri kirolak, zonbiak, graffitiak, karaokea eta kontzertuak.  



Proposamen guztiak bildu ditugu eta aurtengo plangintzaren zirriborroarekin bukatzear gaude. Behin zirriborroa eginda, Gazteria Batzordean aurkeztuko dugu, bertan eztabaidatu eta onesteko, hala badagokio. Torresek gaztigatu duenez, “plangintza urte osoan osatzen joaten den prozesua da. Beraz, norbaitek iradokizunen bat egin nahi badu, Gazteria Zerbitzura bidal dezala ohiko baliabideak erabiliz: gazteria@altsasu.net eta intxostiapunta@altsasu.net e-postak edota  948 564 785 eta 608 617 778 telefonoak”.