Kinto ospakizunak hemen dira

Kintoak atzo plazan aurreneko jota eta porrusalda dantzatu zituzten.

Kintoek dantzen azken entsegua ostiralean egin zuten. Elkar hobeto ezagutzeko ilbeltzean hainbat larunbatetan hitzordua jarri dute. Baina gaur ospakizuna hasi dute, dagoeneko eskean ari dira.

XXI. mendeko aurreneko kintoek kaleak hartuko dituzte gaur, 07:00etatik aurrera. Ainhoa Lopez Sanchez, Oihane Lakuntza Zelaia, Jon Ander Borrega Arza eta Ekain Alegre Gil buruzagi dituztela, zilarrezko erretilua eskuan, altsasuar eta bisitari guztiei eskean ariko zaizkie. Azken horien eskuzabaltasunaren esku egonen da aurtengo kintoek ospakizuneko gastu guztiak ordaintzeko adina diru ateratzea. Horretarako, kintoek opilak ere salduko dituzte. Gaur goizean herrian barna ibilaldia eginen dute, eta opil bat saltzen duten bakoitzean, esker ona adierazteko, jota eta porrusalda dantzatuko dute. Ibilbide hori udaletxean alkatea agurtu eta gero abiatuko dute, 09:00ak aldera. Buruzagiek hainbat kintoren laguntza izanen dute eginkizun horretan, baita Fernando Perez Paniagua eta Leire Rodriguez Sanchez zahato eramaileenak ere.

Mutilek praka eta ator txuria jantziko dute, bular aldean gurutzatzen diren zapiak eramanen dituzte eta eskuetan gorosti makila eramanen dute, brodatutako edo marraztutako zintez edertuta. Neskek, berriz, baserritar jantzi koloretsuak jantziko dituzte. Eta guztiek, osagarria, kaikua. Hala jantzita ibiliko dira goizean goizetik. Bestetik, haiekin bat eginen dute aurten zilarrezko, urrezko eta platinozko kintoek.

Dantza
2001ean jaiotako 53 kintoak ilbeltzaren 8an hasi ziren zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzeko entseguetan. Dantza irakasle lanetan eskarmentua duten Txetxo Claverrekin batera eginkizun horretan estreinakoz bi emakumezko aritu dira: Maixa Lopez de Uralde eta Aitziber Etxaiz. Izan dira egunak, ostiralak batez ere, makina bat jende elkartu dena Burunda pilotalekuan entseguak ikustera. Ostiralean zuten azkena. Ikasitakoa jendaurrean gaurtik larunbatera emanen dute, 19:30etik aurrera. Egunero dozena bat kintok dantzatuko dute. Gaur duela 25 urte kinto izandakoen zortzikoa gehituko zaio.

Kinto ospakizunetan gazteek egunero toki batean bazkalduko dute, aurten: Arkangoan, Biltokin, Xumen, gaztetxean eta Gure Etxea eraikinean. Eta ohikoa den moduan, gau bakoitzean taberna batek berandu arte zabalik egoteko baimena izanen du. Aurtengo zerrenda honakoa da: Lezea, Koxka, Xume, Arkangoa eta Gure Etxea. Larunbatean, kintada guztiak bat eginen dute ospakizunarekin eta egun horretan taberna guztiek izanen dute gaueko ordutegi zabala. Egun horretan animazio handia izanen da herrian. Gainera, kintoek Gure Etxea eraikinean musika jarriko dute eta gauerditik aurrera elektrotxaranga batekin tabernaz taberna ibiliko dira.

Altsasuko kinto buruzagiak
Urtea Gizonezkoak Emakumezkoak
2000 Jose Mari Albiztur, Cristian Herrero Nekane Lakuntza*
2001 Iñigo Mazkiaran, David Amillano Nerea Fernandez, Ana Imaz
2002 Joseba Bustamante, Ruben Ramos Idoia Vidal, Silvia Saez de Munain
2003 Iñaki Romero, Javier Mendez Ainhoa Paniagua, Nekane Aldasoro
2004 Iñaki San Migel, Fernando Plata Olatz Arregi, Sara Gartzia
2005 Kepa Zabalo, Iñigo Olivenza Itsaso Nazabal, Gissela Zambrano
2006 Imanol Donlo Senar, Iñaki Cordero Grados Itsaso Alzelai Urdaniz, Patricia Fdz de Garaialde Lazkano Goikoetxea
2007 Jabier Etxeberria, Iñaki Gorrotxategi Erkuden Martin, Lucia Sanchez
2008 Iker Perkaz Mayor, Mikel Sarazibar Fresneda Eider Leoz Crespo, Maialen Agirre Santano
2009 Ion Ruiz Imaz, Joseba Domingo Branchader Idoia Pelaez Letona, Sandra Claver Alba
2010 Mikel Etxabarri Ganuza, Sergio Miño Gomez Carol Blazquez Salgado, Sara Lobo Martin
2011 David Etxabarri Manjon, Andoni Fernandez Itziar Amado Aramendia, Edurne Martinez Arrese
2012 Eukeni Goikoetxea, Jorge Herrero Nerea Ruiz, Aitziber Leoz
2013 Iker Diaz Arce, Imanol Reparaz Escudero Maialen Apestegia Diego, Miren Barbero Agirrebengoa
2014 Aitor Lizarraga, Beñat Iglesias Maialen Misiego, Ainhoa Santano
2015 Aitor Lara, Iosu Apestegia Nerea Navarro, Idoia Jimenez
2016 Imanol Lobo Yeregi, Alberto Barrikarte Calvo Melany Morales, Paula Diaz Diego
2017 Iñigo Plaza Reyes Manex Goikoetxea Presa Eider Arakama Madina, Igone Augusto Fernandez
2018 Tasio Merchan Fernandez, Eneko Vera Sainz Sarabe Goikoetxea Mazkiaran, Kima Gallego Gartziandia
2019 Jon Ander Borrega Arza, Ekain Alegre Gil Ainhoa Lopez Sanchez, Oihane Lakuntza Zelaia
*Estreinakoz erregina aukeratu zen. Hurrengo urtean erregina eta erregina-ordea aukeratzen hasi ziren.
Erlazionatuak

Aitziber Etxaiz eta Maixabel Lopez de Uralde kintoen "laguntzaileak" dira

Altsasu

Altsasuko kintoek bi laguntzaile berri izan dituzte dantzak ikasteko: Aitziber Etxaiz eta Maixabel Lopez de Uralde. Txetxo Claverrekin batera zortz...