Idoia Villanueva pentsioen inguruko topaketa batean hizketatu zen Altsasun atzo. Ahal Duguko senatariak gaztigatu zuenez, “adinekoen pentsiorako eskubidea nola bermatu, hori da gaiaren inguruan egon daitekeen eztabaida bakarra. Hori banaketan eta belaunaldien arteko elkartasunean oinarritutako paktu batekin lortzen da”. Villanueva senatariak gaineratu duenez, “ezinbestekoa da pentsioak pribatizatzeko erasoa geldiaraztea, bestela finantza botereak eskumena izanen du gure adinekoen baldintza materialak zehazteko eta hilabete akaberara iristeko 70 urterekin pertsonak lanean ikusteko atera zabalduko da”.
Ahal Duguko hautetsia PPren kontra gogor egin zuen eta popularrei pentsio sistema porrotera eramatea leporatu zien, “horrela etorkizuneko pribatizazioa justifikatu eta pentsio plan pribatuen bidez bankuetara dirutza bideratzeko”. Villanuevak azaldu zuenez, popularren agintaldian eros ahalmena % 4 galdu zen eta gizarte zerbitzuaren zor errekorra izan zen (18.000 milioi 2017an). “Pentsiodunak botika ber-ordaintzera behartu dituzte, eta bada jendea jatekoaren eta botiken artean aukeratu behar duena”.
Konponbide gisa, senatariak belaunaldien arteko akordio berria, “gizarte kontratu berria” proposatu zuen. Haren oinarriak lirateke: langileek lan duina izatea eta erretiratutako langileen pentsio duinen aitortza”. Eta zenbait neurri zehatz proposatu zituen: pentsioak eguneratzeko jasangarritasun faktorea kentzea, kontribuziokoak ez diren pentsioen kopuruak handitzea, estatuko aurrekontuekin pentsioak blindatzea, gizarte segurantzako sarrera handitzeko neurria ezartzea eta pentsio plan pribatuek dituzten laguntza fiskalak kentzea. Horrekin batera, “prekarietatean eta soldata apaletan oinarritutako lan eredua aldatzea ezinbestekoa” dela ziurtatu zuen Ahal Duguko kideak. Eta lan erreforma bertan bera uztea eskatu zuen.