Kukuerreka, elkarte berria

Guaixe 2019ko ots. 4a, 15:58

Larunbat eguerdian mustu zuten 134 bazkide dituen eta Baratzekobide plazako 4. zenbakian dagoen elkarte berria. Ehun bat bazkide elkartu ziren bazkaltzera. Bazkide egiteko aukera badago.

Altsasuk larunbataz geroztik elkarte berria du, zazpigarrena: Kukuerreka. Aurretik dauden Amandrea, Otai, La Encina, Zubeztia eta Beti Iaten elkarteei batu zaie. Mutsutze ekitaldia larunbateko eguerdian egin zuten, herri guztia gonbidatua zegoen ate irekien ekitaldi batekin. Beste elkarteetako ordezkariak eta Javier Ollo Martinez alkatea izan ziren mustutze ekitaldian. Elkarteko kantu taldearen abestiarekin eta dantzarien saioarekin abiarazi zuen ekitaldia. 

Zuzendaritzaren izenean Raul Barrenak hartu zuen hitza. Azkenik, elkarteko bazkide eta Altsasuko auziagatik preso dagoen Jokinen amak atearen irekiera egin zuen. Ondoren, elkartea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten guztiek eta auzatea izan zen. Bezperan ere aparteko mugimendua izan zen Kukuerreka elkartean. Zuzendaritzak bazkide guztiak sukaldea nola erabiltzen den ikasteko ikastaro batera deitu zituen.

Barrutik kanpora
Kukuerreka elkarteko kide Raul Barrenak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) azaldu duenez, Altsasuko toponimo bat aukeratu zuten tramitazio guztia egin ahal izateko. “Aldatuko genuela pentsatzen genuen, baina izen horrekin gelditu da”. Elkartea egiteko proiektua duela urte pasa hasi zuten. Lanek urte bateko iraupena izan dute. Hala hutsik zegoen lokala elkarte bihurtu da. Taberna gune nahikoa handia egin dute, “espazio hori guretako garrantzitsua delako”. Barrurago sukaldea eta jantokia daude. Sukaldea irekia da, beraz, bi espazioek bat egiten dute. Elkarte guztia irisgarria da. Hori guztia finantzatzeko mailegua eskatu du elkarteak. Hala, bazkideek ohiko mantentze kuotaz aparte gehigarri bat pagatu beharko dute.

Barrenak azaldu duenez, elkartearen helburuetako bat da herrian eragina izatea. Horretarako, beste eragileekin harremanetan egonen dira. Elkarte berria behar bezala antolatzeko “orain arte, barrura begira egon gara. Ireki ondoren, lasaitasunez, gure proiektuak mahai gainean jartzeko eta bazkide guztien artean eztabaidatzeko eta planifikatzeko garaia da”.

Bazkide egiteko aukera dago oraindik Kukuerreka elkartean. Barrenak eskaintzen dutenaren inguruan hizketatu da: “lan egiteko beste modu bat, elkartearen barne eta kanpo mailan berritasunak proposatuko ditugu. Horrekin identifikatzen den edonor gustura egonen da gure elkartean”.

Erlazionatuak