90 minututan amaitu dira Berri Txarrak taldearen Beude biraren sarrerak

Guaixe 2019ko ots. 5a, 15:51

Martxoaren 27an kontzertua eskainiko du Lekunberriko taldeak Altsasuko gaztetxean. 17:00etan jarri dituzte salgai sarrerak, eta aurretik ilara luzea zen

Abenduan iragarri zuen Berri Txarrak taldeak behin behineko agurra eta ordutik Ikusi Arte Tour 2019 biraren kontzertuak ezagutarazi ditu. Azaroaren 23an izanen da Berri Txarrak-en azken kontzertua Nafarroa Arena Iruñeko aretoan, eta atzo otsaila eta martxoa bitartean Euskal Herriko hainbat aretotan eskainiko dituzten kontzertuak ezagutarazi zituzten. Haien artean, Altsasuko Gaztetxean martxoaren 27an eginen duten kontzertua dago.

Beude "bira txikian" hamabi kontzertu eskainiko ditu Berri Txarrak taldeak otsaila eta martxoa bitartean, Euskal Herriko aretoetan, tartean Altsasuko Gaztetxea. Taldeak jakinarazi zuenez "gure ibilbidean bereziak" izan diren tokietan izanen dira kontzertuak.

Sarrerak gaur, asteartean, otsailaren 5ean, jarri dira salgai, Altsasuko Gaztetxean, 17:00etatik aurrera eta bi ordu lehenago jende-ilara zegoen Gaztetxearen aurrean, sarrerak erosteko zain. Gaztetxearen neurria kontuan hartuta, 200 bat sarrera jarriko dira salgai, eta erosle bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahal izanen dituela jakinarazi dute Altsasuko Gaztetxetik. Berri Txarrak sare sozialetatik jakinarazi duenez Beude biraren hamabi kontzertuen sarrerak 90 minututan amaitu dira.