Altsasuko Udalak 7.723.563,42 euroko aurrekontua du aurten, Aita Barandiaran adinduen egoitza eta musika eta dantza eskola barne direla. Ilbeltzaren 30ean egindako bilkuran taldeek aurkeztutako 13 zuzenketa onartu ziren. Aurrekontuek Geroa Bairen eta PSNren aldeko botoa izan zuten. UPNk kontrako botoa eman zuen.
EH Bilduk udalaren “kudeaketa pertsonalista eta opakoa” salatu zuen. Aurkeztutako aurrekontu proiektua “errealitatetik eta herriaren beharrizanetatik urrun” dagoela gaineratu zuen. Udalak Foruzaingoarekin duen hitzarmena eta isunak Geserlocal enpresak kudeatzea ez du begi onez ikusten eta lan hori kontratatutako pertsona batek egitea eskatu zuen. Arkitektoa kontratatu beharrean udalean lanpostu hori sortzearen alde agertu zen EH Bildu. Euskara, pertsonal kudeaketa eta parte-hartze arloetan udalaren jardunarekin koalizioak ez du bat egiten. Alkateari informaziorik ez ematea eta planifikazio falta egotzi zion. Guztiagatik abstenitu egin zen.
EH Bilduk eta Goazen Altsasuk aurrekontua lantzeko beste modu bat eskatu dute. Goazen Altsasutik zirriborroa landu aurretik denek eta sentsibilitate guztiak ordezkatzea eskatzen du. “Lanerako beste modu bat” eskatu dute, “kontinuista eta pertsonalista ez dena. Aurrekontu zirriborroa beste taldeen ekarpenekin hobetu da”. Foruzaingoarekin hitzarmena “bitan ordaintzea” dela gaztigatu dute Goazen Altsasutik. Parte-hartze aurrekontuendako diru-sail bat izatea eskatzeko. “diruzaintzako gerakina erabiltzean adreilua eta erosketak egin daitezke, gizarte arlora ezin da bideratu”. Azkenik, plantilla organikoko mailen artean dauden desberdintasun handiak aztertzea eskatu zuen. Arkitektoa plantillakoa izatea eskatu zuen Goazen Altsasuk. “Zerga bidezko 40.000 euro gehiago gehitu balira gizarte gastura gehiago bideratzeko aukera legoke, baina ez da egin”. Goazen Altsasuk kontra bozkatu zuen.
Kontratazioak
Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi zuenez, udalak ez du zergarik igoko eta Toki Ogasunen Funtsetik udalak % 4,5 gehiago jasoko du (2.197.662,39 euro). Udalak aurten Nafar Lansareren 38.430 euroko diru-laguntza jaso du eta horrekin urte erdirako zortzi langabetu kontratatuko ditu. Haietako batek Kultura Zerbitzuko laguntzaile gisa lan eginen du eta, ondorioz, liburutegia goizez zabalduko da. Eraikin berrira lekualdatu zenetik buruan zegoen ideia da hori. Eskualde liburutegia da Altsasukoa eta goizeko zerbitzua ematearen garrantzia azpimarratu du Ollok. Kontratatuko den beste pertsona bat udaletxean ariko da, Zerbitzu Orokorren Sailean, han lan egiten duen langile bat hainbat arlotan trebatzen den bitartean bere hutsunea betetzeko. Gainontzeko sei langabeak Lanen Zerbitzuan ariko dira: lau zerbitzu anitzetan, lorezaintzan bat eta bestea margotzen.
Bestetik, Nafarroako Kutxaren Fundazioaren 8.600 euroko diru-laguntza Emakumearen eta Berdintasun Sailera bideratuko du udalak. Udalak bere kontuetan udaltzain izanen direnen soldatak ordaintzeko partidak aurreikusi ditu. “Egun egoera konplexuan dagoen zerbitzua berreskuratzeko apustu sendoa egin dugu aurrekontuen bidez”, gaztigatu zuen alkateak. Bestetik, Altsasuko Udalak Sakanako Mankomunitateari joan den urteko diru ekarpen bera eginen dio. Hori bai, ibarreko erakundeak, dagozkion txostenekin, dirua zertara bideratzen duen justifikatu beharko du.
Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari Altsasuko Udalak eginen dion diru ekarpena handitu eginen du. “Kontuan izan behar da 2017an jarritakoagatik joan den urtean gutxiago pagatu genuela”, argitu du Ollok. 303.856,01 euro horretarako izanen dira. Aita Barandiaran adinduen egoitzarako 129.746,81 euro jarri ditu aurten udalak, joan den urtean baino 27.388,68 euro gehiago. Bilkuran onartutako zuzenketa batekin 17.500 euro gehiago bideratu ziren. Gainera, aurrekontuan moldaketa egin eta beste 50.000 euro gehiago adinduen egoitzara bideratzea onartu zuen udalak. Guztira 94.888,68 euro gehiago izanen dira Aita Barandiaran egoitzarako, alkateak argitu duenez, “han dauden adinduen eta langileen kalitatea hobetzeko”. Bestalde, 19.520,66 eurotan hazi da musika eta dantza eskolara bideratutako kopurua, 233.287,54 eurotan geldituz.
Sailez sail
Kirol erakundeendako diru-laguntza deialdian 20.000 euro banatuko ditu udalak, 2.000 gehiago. Aldi berean, kirol taldeekin hitzarmenek segida izanen dute, haiek udal kirol eskolak kudea ditzaten. Azken horien artean berritasuna da triatloi udal eskola kudeatzeko egindako hitzarmena. Gazteria Batzordearen eta gazte gunearen jardueretara bideratutako diru-poltsa ere handitu da.
Kultura Sailaren barruan ikastetxeendako 25.000 euroko diru-laguntza deialdia jaso da. Gizarte Ongizate Sailak gizarte kooperazioan eta nazioarteko larrialdi laguntzetarako ari diren dirua emanen du ere, hitzarmen bidez edo deialdi publiko bidez. Irabazi asmorik gabeko erakundeendako diru-poltsa 5.000 euro handituko da eta 6.000 gizarte kooperaziokoa. DYArekin udalak duen zerbitzu-kontratua pagatzeko 3.500 euro gorde dira. Jubilatu elkartearendako diru saila 3.000 eurotan hazi da aurten, haren urteetako eskaerari erantzunez. Etxegabeen aterpea kudeatzen dutenendako diru-saila ere handituko da.
Hirigintza Sailean udalarendako aholkulari berria kontratatzea aurreikusten da. “Gaur egun udaletxean astean behin egotetik astean bitan egotera pasako dira. Beti ere, zerbitzua eta haren eraginkortasuna hobetzeko”, argitu du alkateak. Sail horretan hainbat txosten pilatu dira eta horiek aztertzeko urte erdirako pertsona bat kontratatuko du udalak. Udalak hirigintza plan berria egiteko asmoa du eta horretara 245.000 euro bideratuko ditu. Baina %80ko diru-laguntza jasotzea espero da. Apirilerako plana eginen duen taldea kontratatzea espero dute udalean. “Aurretik garatzen hasi ziren hirigintza sektore batzuetan arazoak daude eta plan berria horiek konpontzeko tresna eta laguntza izanen da”, Olloren arabera.
Zumalakarregi plazako zorua konponduko da aurten.
Inbertsioak
Amaia eta Bakea kaleko zati bateko sareak eta zorua berrituko dira aurten. Plan horien barruan ez da Zumalakarregi plazako zorua berritzea jasotzen. Horregatik, udalak aurtengo aurrekontuan 170.000 euro bideratuko du, gerora Nafarroako Gobernuak emanen duena. Kopuru horri udalak diruzaintzako gerakinetik ateratako 315.702 euro eta joan den urteko aurrekontuetan jasotako 17.998,75 euroak gehituko zaizkio. Guztira 503.700,75 euro.
Zelandi eskola publikoko ateak egungo segurtasun araudira egokitzeko, eta beraz, aldatzeko 25.000 euro bideratuko dira. Eskolako beheko solairua ere margotuko dute. Ollok aurreratu duenez, Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntzen deialdira aurkeztuko du lan hori udalak. Ikastetxe bereko gela batzuk margotzeko diruzaintzako gerakina erabiliko du udalak.
Poltsa horretatik ateratako diruarekin, urtero moduan dermioko bideak eta herriko zenbait kaletako zorua konpontzeko lanak eginen dira. Azken horiek, herrigunean ez dauden baina etxebizitzak dituzten tokietarako kaleetan eginen dira. Ondare ez-materialeko lekukotzak jasotzeko lana ere eginen da. Baita berriki zaharberritu den plazako eskulturaren eskaneatzea ere. Aurrekontu parte-hartzaileak izan zituen aurrenekoz Altsasuk joan den urtean eta finkoa ez den karpa bat erosi zuen udalak horretara bideratutako 20.000 euroekin. Aurten egitasmoak segida izanen du eta kopurua bikoiztu eginen da.
Bake epaitegia Garbitoki eraikinetik orain arte Altsasu kirol taldearen taberna izan den eraikinera aldatzea erabaki du udalak. Bake epaitegi berria eraikinaren beheko solairuan egokitzeko 14.935,93 euro daude. Lanak aurten egin nahi dituzte. Eta, bide batez, Garbitoki eraikineko lehen solairuan dagoen udal ludotekak solairu guztia berarendako hartuko du.
Altsasuko erraldoien eta buruhandien konpartsako kideen eskaerei jaramon eginez, udalak bi erraldoi berri erosiko ditu. “Altsasuko kultura eta tradizioekin zuzeneko lotura duen bikote bat erostea da”, azaldu digu alkateak. Kultura batzordean hartuko da erabakia. Horretarako, 14.000 euro daude.
Altsasuko Udala ferietako azokarako standak erosteko inbertsioa joan den urtean hasi zen egiten, 10 erosi zitue eta aurten beste 10.000 eurorekin segida emanen dio erosketa horri. Udal eraikinetan jarriko diren desfibrilagailuak erosiko ditu udalak. Halako bat dagoeneko Iortia kultur gunean dago. Gainera, haur eskolan itotzearen kontrako tresna jarri zen. DYA fundazioak horien erabileran langileak trebatu zituen.
Etxegabeen aterpeko lanak eginak daude, janztea besterik ez da falta.
UPN ez beste, talde guztiek onartu zuten Marino Aierra Redinen No me avergonce del evangelio liburua berrargitaratzea eta, horretarako, 7.000 euro bideratzea. Liburuaren egilearen izena hartuko du egoitza berriak. Etxegabeen aterpeko lanak despeditu dira. Hura janzteko udalak 22.230 euro bideratuko ditu eta diru horren % 70 diru-laguntza bidez jasotzea espero du. Legegintzaldia despeditu aurretik zerbitzua martxan egotea aurreikusten du alkateak.