Altsasuko aurtengo kintoak asteartetik daude euren ospakizunean buru belarri sartuta. Santa Ageda egunean duela 25 urteko kintoen, 60 urte eta 70 urte bete dituzten kintoen laguntza izan zuten ospakizunean. Hurrengo egunetan 2001ean jaiotakoak izan dira protagonistak. 19:15 aldera agertu izan dira plazara, egunero 10 bat zortziko dantzatzera. Gaur eta bihar ere hala eginen dute.
Baina biharko eguna berezia izanen da Altsasun. Izan ere, adin guztietako kintadak bazkaltzera elkartuko dira. Eguerditik animazio handia izanen da herrian. Iluntzean azken zortzikoarekin batera ez da ospakizuna despedituko, aurtengo kintoek Gure Etxea eraikinean musika jarriko baitute 05:00etaraino. Han bertan duela 25 urte kintoak izan zirenen erakusketa ikusgai dago. Festa borobiltzeko, kintoek kontratatutako Elektro Zarata elektrotxaranga 00:00etatik aurrera kalez kale ariko da.
Larunbata altsasuarren artean egun seinalatua denez, Altsasukoak Aske herri plataformak, aurreko bi urteetan bezala Altsasuko auziagatik auzipetuta daudenekiko elkartasuna adierazteko elkartasun zortzikoa dantzatuko da Iortia kultur guneko zabalgunean, larunbatean, 13:00etan.