Jaione Diaz: “Bekari esker AEBetan ikastea sekulako esperientzia izaten ari da”

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2019ko ots. 8a, 11:23

Jaione Diaz Mazkiaran altsasuarra Baltimoreko unibertsitatean Kulturarteko Komunikazioa izeneko masterra egiten ari da Fulbright bekaren laguntzarekin. Bekaz, hango ikasketez eta bizitzen ari den esperientzia bikainaz aritzeko Beleixe irratiari (107.3 FM edo www.guaixe.eus) elkarrizketa eskaini zion

Amerikako Estatu Batuetara (AEB) joateko aukera sortu zitzaizun, beka batekin...
Bai, ikasturte hasieratik nago han, Baltimoren, Fulbright bekari esker. Salamancan Filologia Ingelesa ikasten nengoen, eta han eman ziguten beka hauen berri. Nik ez nituen ezagutzen, eta nahiz eta beka lortzea oso gogorra izan, bertan izena ematera eta parte hartzera animatu gintuzten. Beka hau lortzeko, lehenik eta behin, ingeles maila ona eskatzen dute. Azterketa bat egin behar da, TOEFEL azterketa. Ondoren, zure curriculuma bidali behar duzu, eta gero ere eskatzen dute nota akademikoa gutxienez 8ko batezbestekoa izatea eta proiektu bat idaztea. Zure kabuz, AEBetan zein Unibertsitate dauden aztertu behar duzu, zure hiru gustukoenak aukeratu eta hiru haietatik azaldu zer gustatuko litzaizukeen han ikastea. Horretarako, unibertsitate horien web guneak aztertu egin behar izan nituen, zein baldintza eta eskaintza zituzten ikusi, bertan zein aukera zeuden zehaztu eta han zer ikasi nahi nuen adierazi.

Zein Unibertsitate aukeratu zenituen?
AEBak izugarri handiak dira, nik ez nekien zein Unibertsitate zeuden. Harvard, Stanford... horiek ezagunak egiten zaizkigu, baina oso urruti ikusten nituen. Linguistika munduan onenak izan zitezkeen unibertsitateak aztertu nituen. Massachusettsen bat zegoen, Marylanden Baltimorekoa... Azkenean hiru aukeratu nituen. Nire intentzioa zen han master bat egitea, eta, hortaz, hiru unibertsitateetako masterren deskribapenak aztertu eta informazioa lortzen aritu nintzen, Unibertsitate bakoitzak zer eskatzen eta eskaintzen zuen. Idatzia egin nuen eta zortea izan nuen.

Beka lortzeko proiektu zehatz bat garatu behar izan zenuen, ez?
Beraiek “beka proiektua” deitzen diote. AEBko hiru unibertsitateak aukeratzerakoan esan behar zenuen zer espero duzun han ikastea eta ikasi duzun guztia nola ekarriko zenukeen hona. Finean, nahi dutena da AEBetan trebatzea baina gero hura hona ekartzea, hemen aplikatzea. Nire masterra “kulturarteko komunikazioa” zen. Nik beti hizkuntzak landu ditut, ingelesa, unibertsitatean frantsesa, eta alde horretatik niretzat berria zen masterra, irakaskuntza mundutik aldentzea eta komunikazio arloan sartzea. Ez nekien zer espero nezakeen, erronka berria zen, baina Maryland-Baltimoreko Unibertsitateko deskripzioa irakurri nuenean, nik banekien Baltimore oso dibertsoa dela, mundu osoko jendea dagoela bertan, eta banekien esperientzia ona izango zela eta han ikasitakoa han bertan ere aplikatu ahalko nuela. Eta horrela da. Nire klasean Salvador, Panama, Uruguai, Nikaragua, Nigeria... toki askotako jendea dago, mundu osokoa. Hizkuntza ikasteaz gain, soziologia, antropologia pixka bat... lantzen dugu. Hori komunikazio arlora eramatea eta arlo desberdineko materiak erabiltzen nola aplikatu, oso interesgarria da.

Ikasketen zein mailan zaude orain?
Salamancan karrera amaitu nuenean urte bateko masterra egin nuen AEBetan, Salamancak aukera ematen zuelako Chicagotik gertu urte bateko masterra egiteko. Beraz, AEBetara joatea ez da berria niretako. “Educación bilingüe” izeneko masterra bukatu nuen, bi hizkuntzatan, gaztelaniaz eta ingelesez. Eta ondoren, ikasturte honetan, beste master hau hasi nuen, “Kulturartekotasun komunikazioa”. Oso pozik nago.

Txikitatik harremana duzu ingelesarekin, ezta?
Jaio ginenetik aitak ingelesez egiten zigun ahizpari eta niri. Gure akatsa izan zen, beharbada, berari ingelesez ez erantzutea. Aita beti saiatzen zen ingelesez hitz egiten, baina guretako batzuetan nahasmena zen, euskara, gaztelania, ingelesa… Baina orain, perspektibarekin, eskertzen dugu, ingelesa beti izan dugulako hor. Klaseetan erraztasuna izan dugu, zentzu horretan. Hara non nagoen, aitaren pausuak segitzen saiatzen.

Nola izan ziren Baltimoreko lehendabiziko egunak?
Beka hasi aurretik, orientazio edo sarrera bat izan genuen Detroiten (Michigan). Ez nuen inor ezagutzen eta nahiko urduri nengoen. Hasi ziren azaltzen AEBetan zer aurkituko genuen, Unibertsitatean eta jendearekiko izan behar genuen jarrera, kultura ezberdina baita… “ready, be prepared...” Ai ama, zer ote datorren! pentsatu nuen. Mundu osoko jendez inguratuta nengoen, eta oso intentsoa izan zen. Bilera pila genituen, baina une txikiak aprobetxatzen genituen jendearekin hitz egiteko: nongoa zara, zer ikasi behar duzu... Horrela, oso erlazio onak, lagunak egin nituen 3 egun horietan. Zeinen ondo, honek itxura ona dauka! pentsatu nuen. Hortik aurrera oraintxe bertan Georgian, Texasen... lagunak ditut. Haiek bisitatzera joan naiz eta beraiek ere etorri dira bisitan. Familia txiki bat bildu dugu han eta hori eskertzekoa da.

Nafarroatik bekarekin joan zareten hirurak ez zaudete elkarrekin, ez?
Ez. Bea New Yorken dago eta Paula Philadelphian. Ni Baltimoren nago (Maryland), Washingtonetik 40 minututara. Baltimoren girotutako The Wire telesailan drogak, krimenak... azaltzen dira. Jendeak esaten zidan: Baltimore? Ikusi duzu The Wire? Beldur puntu batekin nengoen, baina hara heltzerakoan pila bat gustatu zitzaidan. Portu txiki bat dauka, eraikin altuak, AEBak, finean. Baina oso ondo dago. Unibertsitateko campusa UMBC da, eta Baltimoretik 30 minutura dago. Han distantziak izugarri handiak dira. Autobusez mugitzen naiz, Unibertsitateak autobus zerbitzua duelako, dohainik, ikasle guztiendako. Kanpokoek ez dugu autorik eta autobus zerbitzua asko eskertzen da. Campusa nahiko txikia da, 10.000-12.000 ikasle ditu. Ni aurreko urtean  Chicagon (Illinois) egon nintzen eta 30.000 ikasle zituen hango campusak. Baina Baltimorekoa txikia izateak bere xarma du: jende gehiago ezagutzen duzu eta sartuago zaude unibertsitate munduan.

Zenbat klase dituzu?
Klaseak arratsaldez ditut. Masterreko klaseak dira; hiru klase ditugu astean zehar, hiru ordukoak. Baina AEBetan ikasleek bere kabuz asko ikasi behar dute, autonomoagoak dira ikasleak. Irakurketa pila bat egin behar dituzu etxean, lanak, eta klaseak seminario bat bezalakoak dira: zer pentsatzen duzu, zergatik uste duzu hau... Hori ongi dago, beste perspektiba batzuetatik ikasten duzulako, baina horrek atzetik lan handia dakar. Ezberdina da.

Bertako hezkuntza mundua nola ikusten duzu?
Hezkuntza mundua desberdina da; ikasleek han irakasleekiko harreman estuagoa dute. Nik Salamancan ikasi nuen. 200 ikasle geunden gelan, irakaslea sartzen zen, hiru gauza azaltzen zituen,, pim pam pum eta bihar arte. AEBetan irakasleak ikasleei gehiago laguntzeko prest daude. Harremana estuagoa da eta ikasleek irakasleekiko inplikazio handiagoa dute. Hori da gustatzen zaidana. Ni hezkuntzaren munduan sartuta nagoenez, espero dut hori ikastea gero ona ekartzeko.

Bekak beste lan bat izatea ahalbideratzen dizu?
Bai. Bekak eskatzen du zu ikasketetan buru-belarri aritzea, ahalik eta hobekien trebatzeko. Horregatik ematen dizute diru-laguntza, zu ikasketetan ahalik eta hobekien aritzeko. Baina hori ziurtatzen baduzu, lan egin dezakezu. Horrela, nik eskatu nuen lan egiteko aukera. Aurten erresidentzia batean bizi naiz eta han gaztelaniazko klaseak ematen ditut, baina modu informalean,  jendea dator interesa duelako. Ez dago etxeko lanik, elkartzea eta ikastea hori da kontua. Astean zehar hiru egun. Ez da asko, baina aukera ematen dit lan munduan sartzeko.

Erresidentzian jatorri askotako ikasleak egongo zarete, ezta?
Bai, gu nazioartekoen pisuan bizi gara. Alemania, Gales, Puerto Rico... denetatik gaude, eta oso interesgarria da bakoitzak bere kultura daramalako. Nik behin “The Basque Night” antolatu nuen.  Euskal Herriari buruzko Power Pointa prestatu nuen, informazioarekin, argazki pila batekin… Batzuek ez zekiten zer zen Euskal Herria. Ni emozionatuta nengoen: fitxa bat prestatu nuen euskarazko hitz bereziekin eta beraiek ahozkatzen saiatzen ziren; Ken 7ren Ilargia kanta entzun genuen, letra irakurri eta azaldu nien, eta pintxoak egin genituen: osagai pilo bat jarri genituen eta bakoitzak bere pintxoa prestatu zuen eta azkenean dantza egin genuen, polka. Sekulako festa. Hain urrun egonda, etxetik gertu sentitzeko balio izan zidan. Egun horren ostean etortzen zitzaizkidan: “Jaione, kontatu Euskal Herriko gauza gehiago: nolakoa da Donostia?”. Kulturarteko Komunikazio masterrean, behin, klase batean bilingualism ikasten ari ginela, bi hizkuntza dauden tokietan zein egoera duten hizkuntzek, nik euskarari buruz hitz egin nien. Ikustea zure klasekide guztiak zuk diozunari adi… pozez zoratzen. Oso interesgarria da.  


Beraz, ikastera zoaz, baina irakastera ere bai...
Bai, hurrengo urtean Unibertsitatean irakatsiko dut. Fullbrigh bi urterako beka da.

Tutoreren bat duzu? Nolako jarraipena egiten dizute?
Urtero pertsona bat bidaltzen dute Unibertsitatera. Han daukat Kataluniako neska bat, Mireia, eta pilo bat lagundu zidan: joan hona, bestera... Gainera, kotxea dauka eta toki askotara eramaten nau. Guk pixkat egiten dugu hurrengo pertsonaren gida gisa eta badaukagu tutore antzerako bat ere. Duela 17 urte emakume bat etorri zen, ni bezala, eta han geratu zen bizitzen. Bera da gure tutorea, ia ia gure ama bezala. Harrera egiten digu, notak kontrolatzen dizkigu, ea zer moduz zauden... Berak ematen du  informazioa Fullbright komisiora, jakiteko ongi gaudela. Bera da bitartekaria.

Herrimina baduzu?
Bai, hori ez da kentzen. Nire karrerako 3. urtean Edinburghen egon nintzen, lehenengo urtea etxetik kanpo. Gero, karrera amaituta, Chicagon egon nintzen, beste urte bat herritik kanpo. Eta aurten eta hurrengoan Baltimoren. Baina lagunak egiten dituzu eta pertsona horiek bilakatzen dira zure familia. Gurasoekin eta lagunekin WhatsApp eta Facetime bidez harremana dugu, beti, baina errutinan sartuz gero, ez duzu denbora gehiegirik ere. Gero ordu diferentzia dago, sei ordukoa. Baina senitartekoek baldin badakite ongi nagoela, kitto. Eta lagunekin sartzen naiz WhatsApp  taldean eta igual 400 mezu ditut. Zaila da guztia eguneratuta eramatea, baina saiatzen naiz erlazioak mantentzen. Beti zure bihotz zati bat etxean dago.

Nola daramatzazu ikasketak?
Oraingoz ondo. Gogorra da, lan pila handia baita. Irakurri eta idatzi egiten dugu, pilo bat. Azterketak edo partzialak ez dira hainbeste, Gehiago da idazketak, proiektuak... baina moldatzen naiz.

Kantatzea da zure zaletasunetako bat. Faltan botatzen duzu?
Nire ahizparekin abestea, nire zaletasunetako bat da eta pentsatzen nuen faltan botako nuela. Baina AEBetako campusetan klub pilo bat daude: kiroletakoak (tenisa, saskia, igeriketa…) eta baita kantu eta dantzakoak ere. A capella talde bat ikusi nuen, eta pentsatu nuen: ”Amerikako erabateko esperientzia biziko dugu: goazen!” Taldean izena eman nuen eta haiekin nabil. Kontzertuak egin ditugu eta horrek ilusioa ematen dit, ze azken finean kantatzea gustatzen zaidan zerbait da eta hango jendearekin ere bai.

Ikasleak halako esperientzia bat izatera animatuko zenituzke?
Nik ez nekien ezer beka honi buruz, erabat berria zen niretzat. Egia da askotan pereza ematen digula, edo etxetik kanpo hainbeste denbora igarotzera joateak zer pentsatu ematen digu, baina asko ikasten da, eta esperientzia bera. Nik abentura berri bat bezala ikusten dut eta gomendatzen dut. Azken finean han ikasteko diru-laguntza da, eta aukera ematen dizu desberdintasunak ikusteko. Hemengo ikasteko modua, hangoa... eta esperientzia guztiak, jende asko ezagutzen duzu eta familia txiki bat sortzen duzu. Beti itzuli zaitezke hara. Nik lagunak ditut Turkian, Mexikon... Beti pentsatzen dut beraiek Euskal Herrira etorri ahal direla, gero ni hara joan... Aukera asko ematen dizkizu. Eta animatzen dut jendea beketan izena ematera. Nik ez nuen beka lortzea espero, inondik inora, baina ahaleginak tarteka halako sorpresak ekartzen dizkigu.