Udalaren eta Sagrado Corazon ikastetxearen kirol hitzarmena

Guaixe 2019ko ots. 17a, 12:52
Ikastetxeko saskibaloi pistak. Argazkia: Sagrado Corazon.

Udalak ikastetxearen kirol azpiegiturak erabiltzeko aukera izanen du eta ikastetxeak igerileku estalia.

Altsasuko Udalak eta Sagrado Corazon ikastetxeak hitzarmena sinatu berri dute. Horren arabera, Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuak edota Atabo Altsasu SL enpresa publikoak aipatu ikastetxeko kirol azpiegiturak erabiltzeko aukera izanen du. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “horrela, udal kirol eskaintza garatzeko aukera izanen du udalak, beti ere, ikastetxeak erabiltzen ez duen ordutegian”. Aldi berean, Sagrado Corazon ikastetxeak aukera izanen du Zelandiko igerileku estaliak erabili eta, hala, bere prestakuntza jarduna garatzeko. Batek eta besteak kirol azpiegiturak erabiltzeko nahia 20 eguneko aurrerapenarekin jakinarazi behar dute. Hitzarmenean jasotakoaren arabera kirol azpiegituren erabilerak erakundeendako ez du inolako kostu gehigarririk izanen eta elkarrekikotasun erregimena izanen dute.

Ollok argitu digunez, momentuz ikastetxean udala ez da eskaintza jakinik ematen ari, “baina hitzarmenaren helburua da, beharra suertatzen bada, ikastetxearen azpiegiturak prest egotea”. Alkateak gaineratu duenez, “hitzarmen hori Altsasuko ikastetxeekin izan nahi dugun elkarlanaren beste lagin bat da”. Eta jakinarazi du berriki sinatutako hitzarmenaren modukoa aurretik sinatua dutela Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak eta udalak. Ollok azpimarratu du “elkarlan hori urtero ikastetxeei, guraso elkarteei eta irakaskuntza kooperatibei zuzendutako diru-laguntzen deialdiaren barruan kokatu behar da”.