Altsasun deituriko herri batean bazen bereziki matxista zen festa bat: Santa Ageda. Kintoak ziren gizonezkoentzat bakarrik egiten zen. Hauek protagonismo osoa eskuratzen zuten, eta herriak emandako diruarekin eta kinto emakumezkoak egindako torten truke lortutako diruarekin ongi pasatzen zuten 4-5 egunez. Bigarren eguneko kafea hartzera soilik gonbidatzen zituzten emakumezkoak.
Belaunaldiz belaunaldi egoerarekin haserre ziren kinta emakumezkoek bidea ireki zuten ezarritako hierarkia hori zalantzan jarriz protagonismo gehiago lortzeko. Lan handia egin behar izan zuten eta aldaketa gutxi ikusi zuten kintoek beren pribilegioak baztertzeari kontra egiten baitzioten eta gizartean ez zegoen kontzientzia nahikorik.
Urte batzuk geroago 1985eko 17 kinta emakumezkoek intsumisioaren bidea hartu zuten: desberdintasun egoera hori onartzeari eta besteek ezartzen zuten modura parte hartzeari uko egin zioten. Erabakiak emakumezkoek zuten paperean aldaketa sakona eragin zuen eta mugarria izan zen Santagedako festan. Hortik aurrera ez zen atzerapausorik izan, kinta emakumezkoek protagonismo gehiago exijitu zuten urtez urte; mugarik gabe disfrutatu nahi zuten, gizonezkoek bezala erabakiak hartuz eta haien ardura berak izanez.
Altsasuko Mugimendu Feministak urteak daramatza gaia aztertzen, eztabaidatzen eta honi buruzko hitzaldiak antolatzen. Zenbait helburu lortu zirela eta kintoen festan aldaketa positibo ugari izan zirela ikusi ondoren horiek biltzeko eta idazteko ardura hartu genuen. Ezagutzera emateko modu bat izan zen, eta lorpen horiek denborarekin ahaztu ez zitezen. Horrela, 2014an “Gonbidatuak izatetik protagonistak izatera; Kintak Altsasuko festan 1963-2013” (“De invitadas a protagonistas; las kintas en la fiesta de Altsasu 1963-2013”).
Santageda baino lehen festa honetako dantzaren inguruan Guaixen argitaratutako elkarrizketan aldaketa horiek guztiak naturaltasunez eman direla irakurri genuen. Erantzun horrek zur eta lur utzi gintuen, besterik gabe, ez dagoelako errealitatean oinarrituta. Emakumeek bizi dituzten desberdintasun egoerak gainditzeari dagokionez, historian beste leku askotan bezala Altsasun ere ez, aldaketak ez dira, inondik inora, naturaltasunez eman.
Batzuk lorpen hauen alde egongo dira eta beste batzuk kontra, hori beste arazo bat da, baina aldaketak naturaltasunez lortu direla esatea belaunaldiz belaunaldi neska askok aurrera eramandako borroka eta lana ukatzea da. Hain zuzen ere, festa honi oso lotuta dagoen orden patrarkiala suntsitzeko egindako lana ukatzea da. Horrelako iritziak emanez ez da aitortzen emakumeek Altsasuko Santa Agedan egindako historia, edo hura desitxuratu nahi da eta hau oso larria litzateke. Naturaltasuna deitzen al diogu borroka horri?
Gure liburuan idatzitakoa gogora ekartzea inoiz baino aproposagoa iruditzen zaigu: “idatzitako dokumenturik ez badago ez da existitzen, eta idatziz jakitera emanez askoz zailagoa da belaunaldiz belaunaldi kintek aurrera eramandako borroka galtzea.