Larunbatean Bilbon nazio manifestazioa egin zuen gazte erakundeak. Gazteak “antolatzeko eta borrokatzeko” deia egin zuten, “gazte boterea eraikitzeko”. Ernaiko kideek adierazi zutenez, “bizi baldintzak borrokatu eta bizi eredu berriak eraikitzera goaz, zapalkuntza guztiekin bukatuko duen proiektua dugulako”. Euskal Herria aske, sozialista eta feminista helburu dutela gaineratu zuten.
Ezker abertzaleko gazte erakundeak salatu zuenez, “prekarietateak gure bizitzen esparru guztiak hartu ditu, erasoaldi kapitalistak aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzea beste helbururik ez duen bitartean”. Horren ondorio gisa jo zuten gazteek “bizi proiektu bat eraikitzeko ezintasuna inoiz baino nabariagoa”. Ernaitik argitu zutenez, “langile klasearen aurkako prekarizazioaren lehenengo maila da gazteon kontrako prekarizazioa”. Aldi berean, “bestelako sozio-ekonomia eredu baten lan egiteko” deia egin zuten eta horretarako aukera badagoela gaineratu zuten: “Espainiar proiektua apurtzen ari da erabakitzeko eskubidetik, mugimendu feministatik, langile mugimendutik, harrera herriak eraikitzetik, pentsionisten mugimendutik…”