Udalak Zumalakarregi plaza berria izanen dena ezagutarazi du

Guaixe 2019ko ots. 19a, 15:02

Zorua berritzeko lanek erabat itxuraldatuko dute: hego aldean pergola jarriko da zuhaitz ilara bat kenduta, jolas parkea hego mendebaldera aldatuko da eta plazako zuhaitzak aldatuko dira.

Altsasuko Udalak Zumalakarregi plaza berritu ondoen nolakoa izanen den jakinarazi du. Aurten lanak despeditu ondoren, plaza guztia altura berean egonen da, egun hara sartzeko dagoen koxka kenduz eta, horrela, joan-etorriak erraztuz. Gaur egun plazako zorua hondatuta egoteko arrazoietako bat dauden zuhaitzen zainak dira. Egungo platano arrunten ordez (Platanus x hispanica edo Platanus x acerifolia) indi-gaztainak (Aesculus hippocastanum) jarriko dira.

Haurrendako jolas parkea diagonalean plazaren punta batetik bestera lekualdatuko da. 193 metro karratuko azalera hartuko du. Mugikortasun urria dutenendako eta adin desberdinetako haurrendako hainbat jolas jarriko dira. Plazako izkinako haurrendako txokoa apaintzeko berdegunea eginen da, aldameneko kaleekin mugarena eginen duena, malda izanen baitu.

Plazaren erdialdea, gaur egun bezala, erabilera librerako geldituko da. Zumalakarregi plazaren iparraldean, ekialdean eta hegoaldean aulkiak jarriko dira, eta han esertzen direnak erdialdean egiten dena ikusteko aukera izanen dute. Plazaren hegoaldeko mugan egurrezko pergola jarriko du, han jarriko diren aulkiei itzala emateko.

Lanak
Altsasuko Bakea kaleko zati baten eta Amaia kaleko sareak eta zorua berritzeko lanekin batera eginen dira Zumalakarregi plazakoak. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi digunez, lan horiek udaberri bukaera aldera aurreikusten du. Plazakoak azarorako despedituta beharko lukete. Kaleetako lanak despeditzeko luzeago joko dute. Plaza itxuraldatzea Altsasuko Udalak 503.700,75 euro bideratuko ditu. Diru hori hiru tokietatik aterako da: udalaren diruzaintzako gerakinetik 315.702 euro, Nafarroako Gobernuak emandako Erabilera Askeko Diru-sailetik 170.000 euro eta udalaren joan den urteko aurrekontuetan jasotako 17.998,75 euro.