Gaur egun Sunsundegui enpresan egunero bi autobus egiten dituzte eta asmoa da udaberrirako egunean hiru egitea. Enpresatik jakinarazi digutenez, “estatuko merkatua oso geldi dago, baina atzerrian autobus salmentak igo ditugu, Dubain eta Ingalaterran batez ere”. Arabiar herriak, esaterako, SC5 modeloko 143 autobuseko eskaera egin du.
Eskaeren handitze horri erantzuteko enpresak 111 langile kontratatuko ditu. Soldadoreak, altzari eta lur muntatzaileak, karrozeria margolariak eta elektrikariak behar dituzte. Lehen langileak heldu den astean edo bi aste barru lanean egotea nahi dute. Eta gainontzekoak martxorako. Enpresatik aitortu digutenez, arlo horietan trebatutako profesionalak topatzeko arazoak dituzte.
Inbertsioa
Sunsundeguik lehiakortasunean eta eraginkortasunean hobetzeko 5 milioi euro inbertitu zituen joan den urtean. Nafarroako Gobernuak foru interesekoa izendatu zuen inbertsio hori. Enpresatik jakinarazi digutenez, aurreikusitako lanak aurki despedituko dituzte. Alde batetik, Sunsundeguik autobusak egiteko prozesuaren kalitatea hobetu eta ekoizpen eraginkorragoa egiteko obra-ingeniaritza ikerketa egin zuen. Horrekin lantegiaren antolaketa hobetu nahi zen. Bestetik, zeuden lantegiak moldatu eta egokitu dituzte. Gainera, pintura eta txaparako pabiloi berriak jaso dituzte, biltegia handitu, aldagela berriak eta langileen autoendako aparkalekua egin dituzte. Azkenik, argindar azpiegitura eta instalazioa egokitu, moldatu eta potentziatu du Sunsundeguik, segurtasuna, jarraipena eta negozio arazoak konpoduz, eraginkortasuna hobetuz. Hori guztia, esan bezala, ekoizpen denbora eta prozesuaren eraginkortasunean hobetu eta, hala, produktibitatea handitzeko.
350
Sunsundeguik gaur egun dituen langileak.