Antzerkia kontatu behar diren istorioak plazaratzeko

Guaixe 2019ko ots. 22a, 10:42
Irati del Valle aktorea 'Amapola' antzezlanean. LILURA TEATRO

'Amapola' antzezlana mustuko du gaur Elur Olabide altsasuarrak Nafarroako Antzerki Eskolan, 20:00etan

Antzerkiak harrapatu zuen, eta ordutik antzerkigilea da Elur Olabide altsasuarra. Aktore ikasketak amaitu zituen aurreko ikasturtean, baina antzerkiaren edozein lan egiteko prest dago. Hortaz, zuzendari laguntzaile bezala Amapola antzezlana mustuko du gaur, ostirala, Nafarroako Antzerki Eskolan, 20:00etan. Zuzendaria ere izan da.

Antzezlan bat prestatzea ez da erraza. Bi modutara sortu daiteke, alde batetik, aurretik sortutako testu bat hartzen eta, bestetik, testua zerotik hasten. Gidoilariaren eta zuzendariaren elkarlana izan ohi da, edo, bestela, pertsona batek bi lanak hartzen ditu. Hala ere, Olabidek azaldu duenaren arabera, prozesua hasten denetik, antzezlana estreinatzen den arte "asko" aldatzen da.

Testua margotzen
Zuzendariaren lana "margotzea bezala" da: "mihise zuri bat duzu, kasu honetan, testua ez da zuria, baina horri bizia eman behar diozu. Testu horretatik emozioak, koloreak eta dena atera behar zaio. Hortaz, aktoreekin zuzeneko lana egiten du zuzendariak. Hala ere, zuzendari laguntzaileak izaten dituzte ere. "Zuzendariak ideia duena da, baina ni bere itzala naiz eta berak ikusten ez dituen gauzak ikusten ditut". Zuzendariak begirada orokorragoa izan ohi duela azaldu du Olabidek, eta laguntzaileak "detaileetan" edo "txikiak iruditzen diren gauzetan, baina garrantzitsuak direnetan" jartzen du begirada.

Nafarroako Antzerki Sareak "erresidentziak" egiteko aukera eskaintzen die antzerkigileei. "Estreinaldiaren aurretik entseatzeko antzokia uzten digu, eta gero argien diseinua egiten dute". Emanaldiak egiteko aukera ematen die ere. Amapola antzezlana gaur, bihar eta etzi izanen da Antzerki Eskolan, 20:00etan.

Emanaldiak
Lehenengo emanalditik azkenera "aldaketa pila bat nabaritzen" dela aitortu du Olabidek. Izan ere, lehenengo egunean antzerkigileak oso urduri egonen direla esan du. Hala ere, "dena oso ongi ateratzen da". Bigarren eguna, aldiz, "ez da betere ongi ateratzen". Aurreko eguneko nekeak eragina du. Hirugarren eguna, "gustura sentitzen zara", eta emanaldi hoberena izaten dela esan du Olabidek. Horregatik Antzerki Eskolan hiru egun jarraian egiteko aukera ematen dute.

Marina Pineda
Gaur estreinatuko dute Amapola antzezlana. Marina Pinedaren istorioa kontatzen du. "Kontatu beharreko istorio bat da". Bakarrizketa bat da. "Batzuetan bakarrizketak oso luzeak egon ohi dira, eta beste zerbait eskatzen zuen": musika eta dantza. Hortaz, istorio gogorrari beste kutsu bat ematea lortu dute. "Protagonistaren haurtzaroa kontatzen dugu, eta momentu horiek ez dira gogorrak".  

Marina Pinedak kartzelan pasa izan zituen bere azkeneko urteak. 1831an exekutatu zuten. Espetxean bizitako azken egunak kontatzen ditu Amapola-k. "Antzezlana ez dugu denboran kokatzen. Izan ere, gaur egun gertatzen den istorio bat izan daiteke".

Etorkizuna
Zuzendari eta zuzendari laguntzaile lanak egiten baditu ere, Olabide antzezten sentitzen da erosoen. Laster, apirilean, Obra postuma antzezlana estreinatuko du Antzerki Eskolan. Ondoren, El eco de los silencios lanarekin bira hastea aurreikusten du. Aktore ikasketak hasi zituenean "bakean" sentitu zela dio antzerkigileak.