Euromillonesek 366.124 euroko saria utzi du

Guaixe 2019ko ots. 27a, 19:40

Altsasuko loteriako 1. zenbakidun administrazio paretik jendea pasatzen.

Ostiraleko zozketak ekarri zuen saria, bakarren batek bost zenbaki eta “izar bat” asmatzean.

Nor ote da zorionekoa? Halako herrikoa omen da. Horrelako esamesak ugari dira azken egunetan altsasuarren artean. Izan ere, ostiraleko Euromillonesen zozketak 366.124,76 euroko saria utzi zuen. Altsasuko 1. zenbakidun loteria administrazioan, San Juan kalekoan, balidatutako txartelaren jabeak eskuratu zuen saria. Lehen kategoriako asmatzailerik ez zen izan. Jose Ignazio Imazek esan digunez, ez dakite makinaz edo eskuz betetako txartela izan den. Sariak administraziora jendea erakarri duela ere gaineratu du.

Zortearen bisitak


1963an Eguberritako loteriako sari nagusia banatu zuen Altsasuko 1. saltokiak, 37,5 milioi pezeta.



1987an ONCEko Altsasuko San Juan kaleko saltokiak 2 milioi pezetako saria banatu zuen.


1989ko lastailaren 28an Altsasuko Mareo tabernan zigilatutako 14ko kiniela batek 22 milioi pezeta eskuratu zituen.



1996ko ilbeltzaren 27an, Altsasuko 2. loteria saltokiak 820 milioi pezeta banatu zituen.

2006ko otsailaren 2an, Altsasuko 1. saltokiak 180.000 euroko saria partitu zuen.



2006ko lastailaren 6an Altsasuko 1. saltokiak, sari nagusiarekin, 10,6 milioi euro banatu zituen.



2007ko apirilaren 21ean 1,2 milioi euro banatu zituen eta beste horrenbeste 2010eko martxoaren 13an Altsasuko 2. saltokiak.



2008ko otsailaren 12an, 14ko kiniela bat zigilatu zuen pertsona batek 51.638 euro eskuratu zituen Altsasuko 2. saltokian.



2009ko apirilaren 20an bonolotoaren zozketan 5 zenbaki eta osagarria asmatu zituen bezero batek 64.143,08 euro eskuratu zituen Altsasuko 2. saltokian.



2011ko otsailaren 6ko ONCEren zozketak 3.025.000 euro utzi zituen Uharte Arakilen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta, batez ere, Bakaikun.



2012ko agorrilaren 3ko ONCEko kupoitzarrak 9.390.000 euro utzi zituen.



2012ko abenduaren 22ko Eguberritako loteriako 5. sariko txartelak saldu zituen Altsasuko 1. saltokiak.



2014ko ilbeltzaren 1eko ONCEren ezohiko zozketako 3. sariko 800.000 euro banatu ziren Altsasuko San Juan kaleko kioskotik.



2015eko maiatzaren 10ean Loteria Primitibako Jocker jokoak 10.000 euroko saria utzi zuen Altsasun. San Juan kaleko loteria saltokian zigilatu zen txartela.



2015eko abenduaren 29an ONCEren zozketak 350.000 euro utzi zituen Altsasun. San Juan kaleko kioskoan saldu ziren txartelak.


2017ko irailaren 30ean Primitibako zozketak 548.517 euroko saria eman zion Altsasuko San Juan kaleko 1. zenbakidun administrazioan saldutako txartel baten jabeari.

2017ko azaroaren 11n Loteriaren zozketak milioi bat euro utzi zituen Ziordian. Urbasa tabernak saldutako 67.925 loteria zenbakiak ekarri zuen saria.