Londresko jendailaren opera

Guaixe 2019ko ots. 28a, 12:49

'La opera de los suburbios' antzezlanaren irudia. KILKARRAK

La opera de los suburbios antzezlana eginen du larunbatean Lizarrako Kilkarrak konpainiak, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Die Dreigroschenoper da lanaren izenburu originala. Zuzeneko itzulpenik ezin da egin, izan ere, Groschen balio gutxiko txanponak adierazteko hitz ba da, xoxak, nolabait esateko. Beraz, antzezlan honen adaptazioek hainbat izenburu izan ditu: Hiru penikeen opera, Bi zentaboen opera, Hiru pezeten opera... Kilkarrak antzerki konpainiak suburbioetako opera deitzea erabaki dute. Izan ere, antzezlana viktoriar Londresean kokatzen da eta Macki antiheroiaren bizitzan oinarritzen da. Etzi, larunbata, antzeztuko dute Iortia kultur gunean, 19:30ean.

Die Dreigroschenoper lana antzezlan epikoa dela diote Kilkarrak konpainiatik. La opera de los suburbios adaptazioa egin du Lizarrako taldeak. Jabetzaren eta antzerkiaren beraren ohiko kontzeptuak hankaz gora jartzen ditu eta galdera bat planteatzen du: zein da kriminal handiagoa banketxeak lapurtzen dituena edo sortzen dituena? Viktoriar garaiko bazterreko Londres anakroniko batean kokatzen da, eta protagonista Mackie "Navajas" kriminala da. Polly Peachumekin ezkontzen da, eta bere aitari ez zaio gustatzen. Eskaleak kontrolatzen ditu eta Mackie hiltzeko saiakerak egingo ditu. Baina poliziaren burua Mackiren laguna da, eta lagunduko dio.

Tarima Beltza taldeak urtera egiten duen truke programari esker etorriko da Kilkarrak antzerki konpainia Lizarratik. Kilkarrak taldeak hamarkadak darama agertokiaren gainean; hiru, hain zuzen. Hortaz, Nafarroako antzerki talde zaharrenetarikoa da. 1982. urtean sortu zuten Almudi kultur elkartearen baitan, eta gero independizatu zen talde amateur gisa.

Antzerkizaletasuna sustatzeko eta balio berriak bultzatzeko konprometituta dago eta antzerki tailerra ere bada Kilkarrak, eta haren bidez ikastaroak antolatzen dituzte, antzerki erakustaldiak, baita antzarti-forma emaniko animazioa eta errekreazioa egiten ere. Gainera, hainbat antzerki jaialditan parte hartu dute: Almagroko Antzerki Klasikoko Gazteen Jaialdia, Alteak eta gertuena 2015ean Erriberriko Antzerki Jaialdian. Bertan William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa lan ospetsuaren adaptazioa egin zuten. Sariak ere jaso ditu Kilkarrak konpainiak Dulatzeko Antzerki Amateur Jaialdian antzezlan muntai hoberenaren saria jaso zuten, baita aktore hoberenaren saria ere.

Aktoreak
Pablo Lisarri
Pedro Echavarri
Yolanda Garcia
Luci Echavarri
Angel Hervas
Amaia del Campo
Javier Hernandez
Carlos Garcia
Ander Oses
Elsa Preciado
Rakel Sampedro
Paola Lopez
Natalia Lisarri
Barbara Zabalegi
Cristina Lisarri
Amparo Chasco

Zuzendaria
Jon Barbarin