Sakanako mugimendu feministak auto-karabana antolatu du gaurko, M8 grebarako bideak berotzen leloa duena. Antolatzaileak Sakana zeharkatuko duten bi adar edo auto-karabana prestatu dituzte, bata Irurtzundik abiatuko da eta bestea Ziorditik. Haietan parte hartu nahi dutenek 18:30ean aipatu bi herrietako plazetan agertu beharko dute. Haietatik 19:00etan abiatu eta herriz herri heldu den ostiraleko greba feministarako deialdia eginen dute.
Martxoaren 8an emakumeak, bollerak eta transak greba egitera deituta daude. Beste eredu politiko, sozial eta ekonomiko baten aldeko apustu feminista agerian jarri asmoz, “kaleak berriro ere era masibo, alai eta aldarrikatzailean hartzeko” dei egin die Euskal Herriko Mugimendu Feministak emakume* feminista guztiei, “feminismo antikapitalista-antikolonialista” oinarri hartuta eta “heteroarauaren kontra” egiteko. Grebaren bidez “bizitzak erdigunera” aldarrikapena zabaldu nahi dute. Emakumearen Eguneko greba deialdiak bost ardatz ditu: zaintza, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta ikasketak.