Ihote egutegia abiatzear da

Guaixe 2019ko mar. 1a, 14:54

Ihote pertsonaien aurkezpena Intxostiapuntan. Utzitakoa.

Isidoro Melero kaleko lanak direla eta, herri-ihoteko segizioak aurten bere ibilbidea aldatuko du: eskolatik Zelai kalera joko du handik ohiko bideari segitzeko.

Altsasuko inauteriak momotxorroak baino gehiago dira, egitarauari begiratzea besterik ez dago. Herri-ihotearen aurretik haurrendako eta gazteendako eskaintza prest dago Altsasun. Astearteko ihote segizioan, bai haurren bai helduenean, maskaritak, ereintza, akerra, sorginak, juantranposoak eta ezkontza izanen dira, besteak beste. Zelandi eta Foru plaza arteko ibilbidean izanen da gehiago ere: ezkontza; neguko nagiak atera eta udaberriko sua sentitzera deitzen duten Dantzarimako sorginen dantza, akelarrean bukatuko dena eta sorgin berak dantza, konjuru eta musikaren bidez ihote-pertsonaiak lozorrotik ateratzeko unea, akaberakoa.

Altsasuko ihote batzordeak, urtero moduan, inauterien transmisioa ziurtatzeko bi ekitaldi egiten ditu. Asteartean izan zen lehena, Iortia kultur gunean inauteriei buruzko erakusketa mustutzearekin batera. Herriko ikastetxeetako ikasleek inauteriei buruz egindako marrazkiekin eta eskulanekin osatu dute erakusketa. Eta han ihoteetako pertsonaiak banan-banan aurkeztu zituzten. Batzordekideek gauza bera eginen dute bihar Intxostiapunta gazte gunean.

Deiak
Altsasuko ihote batzordeak eta Altsasuko Udalak inauterietan berdintasunaren aldeko deia egin dute. Horregatik, etxeko eta familiako ardurak denen artean banatzeko deia egin dute. Eta, horrekin batera, gogorarazi dute ezezkoak ezetz esan nahi duela beti. Sexu-erasoen kontrako jarrera azaldu dute horrela.

Herri-inauteriari buruzko hainbat ohar ere zabaldu dituzte batzordetik: odolaren errituaren ondoren mozorrotu gabe daudenak Zelanditik atera beharko dute; arretaz jokatzea eta segurtasun tartea gordetzea gomendatzen da; Zelai, Altzania eta Bakea kalean autorik ez aparkatzea, eta herri-bazkarirako txartelak igandera arte ohiko tokitan salgai izanen dira.

Argazki lehiaketa
Altsasuko Udalak asteartean ospatuko den herri ihotea islatuko duten argazkien lehiaketa antolatu du. Parte-hartzaileek, gehienez ere, hiru argazki aurkeztu beharko dituzte, argitaratu gabeak. Edozein teknika erabilita aurkeztu ahalko dira argazkiak lehiaketara. Argazkien tamaina librea izanen da, baina bakoitza 40 x 50 cm-ko kartulina beltz baten gainean muntatuta aurkeztu beharko dira. Atzeko aldean titulu bat izan beharko da nahi eta nahi ez. Eta gutun azal itxi batean norberaren datu pertsonalak eta harremanetarako bideak jakinarazi beharko dira.

Lanak Iortia kultur gunean aurkeztu behar dira, astegunetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Postaz bidaltzen badira udaletxeko helbidera egin behar da: (Gartzia Ximenez, 36. 31.800. Altsasu). Lanak aurkezteko epea martxoaren 29ko 20:00etan despedituko dira. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: 200, 120 eta 80 eurokoak. Egile bakar batek ere ezin izanen du sari bat baino gehiago irabazi. Saritutako argazkia udalaren esku geldituko dira eta, irabazi asmorik gabe, haiek zabaltzeko eskubidea izanen du. Argazki sarituen ahalik eta kalitate handieneko euskarri digitala jaso beharko du udalak.

Sarituko diren hiru argazkiak eta gaur egungo inauterien kartelarekin herri bozketa eginen da aurtengo abenduaren eta heldu den urteko ilbeltzaren artean. Bozketan aukeratutako irudiak iragarriko ditu 2020ko inauteriak.

Egitaraua
Martxoak 1, ostirala
18:00etan Euskal Herriko inauteriak, Intxostiapunta gazte gunean.

Martxoak 2, larunbata
18:00etan Inauteri pertsonaien jaialdia eta txokolate jana, Intxostiapunta gazte gunean.

Martxoak 3, domeka. Inauteri txikia.
17:30etik 19:30era Haurren maskarada, kultur gune parean. Txokolate-jana eta mozorro festa Xaiborrekin. Akaberan, momomzuskoa. (Eguraldi txarrarekin, Burunda frontoian).

Martxoak 5, asteartea. Herri-ihotea.
11:30ean Puska biltzea Alde Zaharrean, gaztetxetik abiatuta.
12:30ean Auzatea, Gure Etxean.
14:30ean Herri bazkaria, Burunda frontoian.
16:30ean Momotxorro txikien elkarretaratzea eta txokolate-jana, Zumalakarregi plazan.
17:00etan Momotxorro txikien irteera, Txorongo txarangak lagunduta.
17:30ean Auzatea, Gure Etxea eraikinean.
    Elkarretaratzea gaztetxean eta kalejira.
18:00etan Inauteri txikiaren etorrera, Foru plazan. Ondoren, Momozuskoa.
18:30ean Kalejira Foru plazatik Zelandira.
    Torrada dastatzea, Gure Etxea eraikinean, Altsasuko gastronomia elkarteen laguntzaz.
18:45ean Odolaren erritoa eta herri inauteriko elkarretaratzea, Zelandin.
19:00etatik 21:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.
19:30ean Herri inauteriaren irteera Zelanditik, Txorongo txarangak, Zangitu fanfarreak, Altsasuko txistulari eta gaitariak eta Xapiru trikitixa eskolak lagunduta.
19:45ean Ezkontza, San Juan plazan.
20:00etan Akelarrea. Dantzarima dantza konpainiaren emanaldia, Zumalakarregi plazan.
21:00etan Inauteriaren iristea, ezkila jotzea, dantzaldia eta mozorroak kentzea, Foru plazan.
22:00etatik 00:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.

Martxoak 9, larunbata. Hiri-ihotea.
12:00etan Kalejira Haize Berriak bandarekin eta bere erritmo balkaniarrekin. 13:30ean Foru plazan.
17:00etan Mozorrocall Intxostiapuntan.
18:00etan Inauteri jaitsiera Txorongo txarangak girotuta, Intxostiapuntatik Foru plazara.
20:00etatik 22:00etara Dantzaldia Ingenio taldearekin, Foru plazan.
22:00etatik 01:00etara Gazte afaria (3 euro), kuadrilla desfilea, jolasak eta festa, Intxostiapuntan.
00:00etatik 03:00etara Dantzaldia Ingenio taldearekin, Foru plazan.