Garbigunerako lehen pausoa emanda

Guaixe 2019ko mar. 1a, 12:19
Udalaren udal biltegiaren ondoan eginen dute garbigunea aurten.

Udalak Sakanako Mankomunitateari Pilotajaukun 900 metro karratuko lur sail bat utziko dio. ONCErekin eta DYArekin hitzarmen bana egitea onartu du ere.

Altsasuko Udalak Pilotajaukun duen biltegiaren ondoan kokatuko da etorkizunean garbigunea. Han dauden bi bidek sortzen duten hiruki itxurako lur sailean kokatuko da. Altsasuko Udalak herenegun egindako bilkuran erabaki zuen partzela hori Sakanako Mankomunitateari uztea ibarreko erakundeak han garbigunea egiteko. Mank-ek lanak aurten eginen ditu. Inbertsioak 296.253,02 euro  aurrekontua du eta Toki Inbertsioetarako Planaren bidez Nafarroako Gobernuak diru-laguntza emanen du.

Altsasuarrek udal biltegira hondakinak botatzera joateko ohitura badute, han udalak industria-edukiontzi handiak horretarako jarriak baititu. Horrela, ordea, ez dira hondakinak bereizten. Hondakin horien tratamendu egokia emateko eta behar bezala bereizteko balioko du garbi gune berriak. Espazio itxia izanen da, porlanezko zoruarekin, eta barruan hainbat edukiontzi izanen dira, hondakinak gaika egoki birziklatzeko.

Hitzarmenak
Bilkura berean, Altsasuko Udalak erabaki zuen ONCErekin hitzarmena egitea. Hala, erakunde horren joko-saltzaile batek Erkuden eta Altzania kaleen bidegurutzean dagoen kioskoa erabiltzeko aukera izanen du. Bestetik, udalak DYArekin duen hitzarmena berritu du, laguntza elkarteak Bakea kalean erabiltzen duen udal eraikina erabiltzen segi dezan.

Herenegungo udal bilkurak bi mozio atzera bota zituen. Alde batetik, EH Bilduk eta Goazen Altsasuk Abiadura Handiko Trenaren kontra, tren sozialaren alde eta martxoaren 30ean Altsasun eginen den manifestazioari babesa emateko aurkeztutako mozioa ez zen onartu. Bilkura gelan publiko gisa zeuden pertsona batzuk egindako irainak salatu ditu alkateak. Ez zen onartu ere ez EH Bilduk Venezuelako egungo gobernu legitimoari sostengua emateko mozioa.