"Liburu bat idazteko asko irakurri behar da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko mar. 1a, 14:38
Mari Romero idazlea.

'El pintor de sonrisas' liburua aurkeztu zuen idazle altsasuarrak. Altsasun egni zuen aurkezpena asteartean. Dagoeneko istorio gehiago dituela buruan esan du

Extremaduran jaio zen Mari Romero idazlea, baina oso haurra zela Altsasura bizitzera etorri zen. Ondoren, Legazpira lekualdatu ziren. Baina Altsasuko ganbarako etxean bizitakoa oso gogoan izan zuen beti eta La casa de la buhardilla eleberri autobiografikoan kontatu zuen. Orain, bigarren eleberria argitaratu du: El pintor de sonrisas. Autobiografiatik urrundu da, baina oroitzapenak oinarri hartu ditu Romerok gerra zibilaren garaiko eleberria idazteko. Asteartean etxean aurkeztu zuen liburua, Altsasuko Haritza tabernan. Gonbidapen guztiak agortu ziren.

Bigarren eleberria aurkeztu duzu. Nolakoa da?
Hau ez da autobiografikoa. Eleberri honekin iraganera joan naiz. Hemen bizi ginenean nire aita oso goiz joaten zen lanera eta itzultzen zenean gu lotan geunden. Beraz, aste osoan ez geneukan aitarik. Orduan, igandeak guretako igande magikoak ziren. Esnatu bezain pronto bere ohera joaten ginen eta istorioak kontatzen hasten zen. Oso narratzaile ona da eta kontatzea asko gustatzen zaio. Bere bizitzari buruzko istorioak kontatzen zizkigun, bere gaztetasunean gertatuko gauzak... Eta horietako asko gerra zibilaren garaikoak eta gerraondokoak ziren. Haien artean zegoen mutil bati buruzko istorio bat, gaztea zela, oso ausarta, askatasunaren alde zegoena, eta istorio hori buruan gelditu zitzaigun. Nire buruan habia egin zuen eta eleberria idatzi nuenean hasi zen niretzat idazteko beharra eta bat batean atera zen gazte hura.

Beraz, benetako istorio batetik abiatu zara.
Istoriotxo txiki horrekin hasi nintzen, gerra zibilean gertatutako istorioa, ni jaiotako herrian gertatutakoa, eta hori egia da. Horrekin hasi eta bat batean koadernoaren orrialdeak hasi ziren betetzen eta eleberri bat sortu zen. Beraz, bakarrik istorio hori da erreala, beste guztia fikzioa da.

Dokumentazio lana egin behar izan duzu?
Gauza batzuetarako bai behar izan dut historikoak direlako eta dokumentatu behar izan dut. Baina gutxi ia gehiena nik asmatutakoa delako.

Zergatik irribarreen margolaria?
Nobela honekin itxaropena transmititu nahi dut. Protagonista gazte bat da, oso sentibera, margolaria, eta bere bizitzan atsekabe asko ditu. Bat batean gerra zibilak harrapatzen du eta bere bizitzari buelta handi bat ematen dio. Inoiz espero ez zuen gauza bat gertatzen zaio. Eta honekin transmititu nahi dut itxaropena dagoela. Nahiz eta gauza txarrak gertatu, ateratzea posiblea dela. Hegoaldeko herri batean kokatzen da istorioa, baina protagonista iparraldera doa: Parisera, Portugalera eta abar. Bertako jendeak harrera oso ona egiten dio. Eta horrekin adierazi nahi dut inportanteena pertsona dela eta errespetua badago muga guztiak ezabatzen direla; askoz garrantzitsuagoak direla pertsonak mugak baino. Gainera, emakume batzuk agertzen dira ere, batez ere protagonistaren arreba, Clara, eta garaietara aurreratuta dagoen emakumea da, oso indartsua eta botere handikoa.

Istorio batetik hasi zara. Baina zertan inspiratu zara eleberria osatzeko?
Protagonista pintorea da eta agian hori txikitako oroitzapenetatik dator. Bi anai eta ahizpa bat ditut eta Legazpin bizi ginenean neguko arratsaldetan bi anaiek oleokin margotzen zuten. Usainek niretako balio handia dute eta usain hori etorri zitzaidan.

Gertaera kontatzeko beharra zegoela uste zenuen?
Izan daiteke, bai. Aitak eta osabek hemen bizi ginenean askotan hitz egiten zuten horri buruz. Garai oso gogorra izan zen eta ez dute ahaztu. Nire aitak 92 urte ditu eta oraindik gogoratzen ditu garai horretako kontuak. Gainera, oraingo egoera politikoa ikusita ere, badirudi batzuei ahaztu zaiela zer gertatu zen. Memoria historikoa da. Gertatu diren gauzak ezin dira ahaztu.

Istorioa atera zela esan duzu. Horrela sortzen duzu?
Bai. Idazten hasten naiz eta bat batean kapitulu bat idatzi dut eta horren atzetik beste bat. Kapituluak elkartzen joaten naiz. Gero zailena da kapitulu horiek ondo lotzea. Liburu batean inportanteena irakurleak harrapatzea da eta horretarako kapituluak ongi lotzea. Baian horrela idazten dut; kapitulu bat idatzi eta gero pertsonai bat sartzen dut, gero beste bat... Liburua jaso nuenean gau horretan irakurri nuen berriro eta harritu nintzen bururatzen zaizkidan gauzekin.

Lehenengo eleberria 2015ean argitaratu zenuen. Denbora pasa da. Nola izan da bigarren liburu hau argitaratzeko prozesua?
Idatzita aspaldidanik dago eta gehiago dauzkat idatzita. Jendeak animatu behar nintzela esaten zidan eta autoediziorako aukerak daude. Baina azkenean Tandaia argitaletxearekin harremanetan jarri nintzen berriz ere eta kopia bat bidali nien. Irakurketa departamentuak positibotzat jo zuen eta argitaratzeko moduan zegoela esan zidaten. Crowfunding bidez egin dugu. Hasieran zalantzak nituen, baina oso ondo joan zen.

Nolakoa da zure estiloa?
Errealismo magikoa dela uste dut. Deskribapenak asko gustatzen zaizkit; paisaiak eta etxeak. Etxeek badute pisu bat. La casa de la buhardilla izenburuan ikusi daiteke, dena etxe baten inguruan gertatzen da eta bigarren honetan ere garrantzia dauka. Eta familiak eta sentimenduak deskribatzen ditut ere.

Zer da zuretako literatura?
Asko gustatzen zaidan zerbait da. Betidanik gustatu izan zait bai idaztea bai irakurtzea. Irakaslea izan naiz eta haurrek nire liburuak ikusi zutenean esan zidaten: baina nola da posible hainbeste idaztea? Zer egin behar da? Eta nik esaten nien literatura egiteko asko irakurri behar dela. Ez da momentu onena teknologia berriengatik eta dena bisualagoa delako. Ez nago kontran, teknologiaren aldekoa naiz, izan ere, ongi erabiltzen bada emaitza positiboa da. Baina pelikula bat ikusten duzunean dena egina ematen dizu. Aldiz, liburu bat irekitzen duzunean ez dago ezer, zuk imajinatu behar duzu. Liburu batean bizi diren gauza guztiak zuk imajinatu behar dituzu. Niretzat hori da literatura. Horregatik esaten nien ikasleei noizean behin telebista itzali behar zutela eta liburu bat pizteko. Barruan zegoen argia ikusiko zutela.

Zein da gehien gustatzen zaizun generoa?
Prosa poetikoa asko gustatzen zait. Poesia gustatzen zait. Agian da nire aitak poesia egiten duelako. Hiru liburu ditu. Nik ere poema batzuk idatzi ditut, baita ipuinak ere. Baina gehiena nobela idazten dut.

Eta zergatik nobela?
Ingurukoek animatzen nauelako izango da. Lehenengo eleberria Bernardo Atxagak eman zidan hegoak eta horregatik animatu nintzen. Ingurukoek irakurtzen badute eta esaten badizute oso polita dela, lagunak eta senideak dira. Baina nik sentitu behar dut benetan ona dela argitaratzeko. Eta argitaratu behar dut bestela idatzitakoa hor gelditzen delako. Entrega bat da. Nik egin dudana zuek disfrutatzeko.

Etorkizunerako?
Proiektu asko ditut buruan. Beste eleberri bat dut bukatuta gaztelaniaz La raya del pantalon eta hor genero indarkeriaren gaia jorratzen dut. Por que no nos dejais entrar ere idatzi dut, errefuxiatuei eta inmigrazioari buruz da. Gai horrek bihotzean zuzenean jo dit. Eta euskaraz ere bi proiektu ditut. Andereñoaren bazterreko bihotzean da bat. Justo orain erretiratu naiz eta urte guzti horietan bihotza ukitu didaten uneak azaleratu ditut. Kapitulu batean irakasle izatearen istorioa kontatzen dut eta hurrengo kapituluan ikasle baten istorioa. Letrarekin ezberdindu ditut kapituluak. Ipuin bat ere egin dut. Legazpiko errefuxiatuak laguntzeko elkarte batean boluntarioa naiz eta haurrekin ekimen bat egin genuen. Bi errefuxiatuk haien istorioa kontatu zuten eta haurrek margotu zuten. Marrazki horiek hartu eta ipuin bat egin nuen. Ipuin hori ikastetxeetan lantzen ari dira.

Eta orain erretiratu zarela, gehiago idatziko duzu?
Ez dakit. Proiektu asko ditut martxan, eta agian baten bat itxi beharko dut aurretik. Baina beti daukat zerbait buruan.