Erreginaren Kopa: Naiara Diezen Gernika Lointek finalerdietan erori zen

Guaixe 2019ko mar. 4a, 14:53

Perfumerias Avenidak 74 eta 46 irabazi zion Lointek Gernikari finalerdietan. Erreginaren Kopa Perfumerias Avenidak lortu du, Spar CityLift Gironari 79 eta 71 irabazi eta gero

Gasteiz emakumezkoen saskibaloiko gunea izan da asteburuan, Arabako hiriburuak Erreginaren Kopa hartu baitu egunotan. Sekulako giroa izan da Gasteizen eta emakumezko talde onenak lehiatu dira Erreginaren Kopan, Naiara Diez altsasuarraren Gernika Lointek taldea tartean. Eskolta postuan jokatzen du aldi berean Gernika Lointek taldeko kapitaina den altsasuarrak.

Erreginaren Kopako final laurdenetan Lointek Gernikak IDK Gipuzkoa izan zuen aurkari. Derbi euskaldunean hasieran bi taldeak parez pare ibili ziren, alde gutxiarekin. Baina partidak aurrera egin ahala IDK Gipuzkoak behera egin zuen eta Lointek Gernikak aurrea hartu zuen. Horrela, azken laurdenean Gernikak erakustaldia eman zuen. Bukaeran, 83 eta 70 irabazi zuten bizkaitarrek, esfortzu handia egin eta gero.

Perfumerias Avenida Lointek Gernikaren gainetik pasa zen
Finalerdietan Perfumerias Avenida talde ahaltsua zuen zain Gernika Lointekek, arerio gogorra eta Erreginaren Kopa irabazteko hautagai nagusiena. Naiara Diezen Gernika Lointek, Maria Asurmendi nafarraren Perfumerias Avenidaren kontra. Lehen zatian lehia estua izan zuten bi taldeek eta Avenidaren aldeko 17 eta 14ko emaitzarekin bukatu zuten lehen zatia. Baina faboritoak ez zuen huts egin eta bigarren tartean alde izugarria lortu zuen, 21 eta 3ko partzialarekin, eta 38 eta 17arekin joan ziren atsedenaldira. Salamancako taldeak Gernika Lointek presionatu zuen goitik behera eta Gernikako Courtney Williams ederki estutu zuen. Salamancakoak bizkaitarren gainetik pasa ziren. Hortik aurrera, ateratako aldea bikain kudeatu zuen Avenidak eta 74 eta 46 irabazi zion Gernika Lointeki. Naiara Diezek 6 puntu egin zituen eta Maria Asurmendik bederatzi. “Ezin izan dugu euren proposamen fisikoarekin. Erasoan sufritu dugu, defentsak aldatzen saiatu gara, sentsazioak berreskuratzeko, baina ez zen gure eguna” aitortu zuen partida bukaeran Lointek Gernikako Mario Lopez entrenatzaileak.

Erreginaren Kopako final handian, Perfumerias Avenidak 79 eta 71 irabazi zion Spar CityLift Gironari, final ikusgarrian.