Pentsiodunek greba feministarako deia egin dute

Guaixe 2019ko mar. 7a, 18:04
Pentsio duinak aldarrikatzen dituzte astelehenero.

Astelehen eguerdiro bezala kontzentrazioa egin dute pentsio duinak aldarrikatzeko. Zumalakarregi plazan elkartuko dira heldu den astelehenean, 12:00etan.

Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila eta pentsioen urtero Kontsumo Prezioen Indize (KPI) errealaren arabera eguneratzeko eskatzeko kontzentrazioa egin dute eguerdian. Jakinarazi dutenez, Hego Euskal Herriko plataformetako ordezkariak Madrilen izan ziren pasa den astean alderdiekin eta gobernu ordezkariekin bilerak egin zituzten. Azken horiei eskatu zieten pentsioen urteroko eguneratzea KPIren arabera izateko Lege Dekretua onar zezatela. “Joan den urteko eta aurtengo berrikuspenak horrela egin dira, baina ez heldu den urtekoa”.

Bestalde, pentsiodunen kontzentraziotik emakumeen egunerako, ostiralerako, deituta dagoen greba feministan parte hartzera deitu dute: “egun guztia kalean egonen gara emakumezkoek egiten duten lana ikustarazteko”.  Azkenik, Gasteizko sarraskiaren 43. urteurrena oroitu dute.