Udalak “bultzada feministarekin” bat egin du

Guaixe 2019ko mar. 8a, 11:35

Altsasuko udaletxea.

Emakumezkoen eta gizonezkoen “berdintasunerantz dugun bide luzean norabide bat baino ez dugu aurreikusten: aurrerapausoak ematen jarraitzea”.

Altsasuko Udalak emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna lortzeko lau konpromiso hartu zituen azken bilkuran. Alde batetik, udaletik berdintasunaren aldeko legeak eta politika publikoak bultzatzen segitzea. Bestetik, Altsasuko emakumeen behar zehatzak ikusarazten eta egun indarrean jarraitzen duten desberdintasun adierazpen guztiei dagokien neurria ematen jarraitzea. Aldi berean, Altsasuko Udalak emakumezko eta gizonezkoen desberdintasun egoera guztiak gainditzeko jarduketak ezartzeko konpromisoa hartu du. Eta, azkenik, udalak mugimendu feminista bere borroka eta eskaeretan lagunduko du.

Udalak onartutako erakunde adierazpenean jaso denez, joan den urteko greba feminista “historikoak” agerian utzi zuen “XXI. mendean bete-betean egiturazko desberdintasunak mantentzen baitira emakumeen nahiz nesken bizitzetako esparru guztietan”. 2018ko “erakustaldiak emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak giza-eskubideen urratzean kokatu zituen, eta dei egin zien herritarrei, gizarte-eragileei eta administrazio publikoei buru-belarri jarrai dezaten berdintasuna sustatzen, politika publikoetan sakontzen eta benetako berdintasuna ahalbidetuko duten neurri eta baliabideak ezartzeko lan egiten”.

Udaletik adierazi dutenez, “helburua lortu arte bide luzea dago”. Eta helburua zein den zehaztu dute: “gizarte justu, demokratiko eta berdintasunezkoak lortzea eta eraikitzea, eta haietan bizitzea, emakumeen eta gizonen bizitzak osotasunean garatuta, askatasunean eta baldintza zein aukera berdintasunean. Geure bizitzetako esparru guztietan eta mundu osoan”. Altsasuko Udaletik “bizitza guztien jasangarritasuna” aldarrikatu dute, “bizitza baldintza berberetan bizi ahal izatea”.

Egitaraua
Altsasuko Udalaren Emakume eta Berdintasun Batzordeak Emakumeen Nazioarteko Egunaren kontura programazioa prestatu du, Emakumeen presentzia erakutsiz leloa duena.

Martxoak 31, domeka
12:00etan VI. Lilasterketa, Foru plazatik.

Apirilak 3 , asteazkena
19:30ean Zoru pelbikoa indartuz ikastaroa, Iortia kultur gunean.

Apirilak 5, ostirala
9:30ean Zoru pelbikoa indartuz ikastaroa, Zelandi kiroldegian.

Apirilak 10, asteazkena
18:00etan Gu ere literaturan, Iortia kultur gunean. Izaskun Etxeberria Zufiaurrek idatzitako hiru narrazio labur aztertuko dira (liburutegian eskuragai daude).