Ausartu: “sinisten dugun horretan lanean aritzeko”

Guaixe 2019ko mar. 17a, 12:27
Edurne Gonzalez eta Aitor Altuna Beleixe Irratian.

Hezkuntza ez formalera iristeko helburuz sortu zen Ausartu kultur elkartea 2018an. Elkartea hiru lagunek sustatu zuten. Haietako bi Aitor Altuna hernaniarra eta Edurne Gonzalez altsasuarra dira. Proiektuak orain jende gehiago dauka inguruan.

Zerk elkartu zaituzte proiektu honetan?
E. Hezkuntza ez formalean tarte bat ireki nahi genuen eta, horretarako, azken bospasei urteetan beste proiektuetan elkarrekin lanean aritu gara. Horrek batzen gaitu. Batera ibili gara bai Euskal Udalekuetan, bai Ikastolen Elkartearen zenbait proiektutan (udaleku irekiak zein itxiak). Hor elkar ezagutu genuen eta aurreko urtean erabaki genuen gure proiektua martxan jartzea eta sortzea. Hori aurrera eramateko Ausartu kultur elkartea sortu dugu.

Eskarmentua duzuen pertsonak zarete.
E. Bai.

Zergatik sortu nahi zenuten zeuena propioa zen zerbait?
E. Proiektu desberdinetan ibili gara eta horrek eman digu aukera ikusteko zein gauza on eta zein gabezia zeuzkan proiektu bakoitzak. Gabezia horiek ikusita saiatu gara erantzun bat ematen. Bai nerabeei begira, kasu honetan guk udalekuak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta eginen ditugulako. Baita gu hezitzaile bezala, gure behar horiek asetzeko. Ikusten genuelako proiektu askotan parte hartzen genuela baina ez genituela gure sentitzen. Esaten genuen: hau beste era batera eginen nuke nik. Orain gure proiektua sortuta badugu aukera nahi bezala, edo sinisten dugun horretan lanean aritzeko.

Zer da Ausartu?
A. Kultur elkarte bezala egituratu dugu, horrek ahalbideratzen zigulako aisialdi eta hezkuntza ez formalean eskua sartzen hasteko. Lehenengo gure egitasmoa udako egonaldiak izanen dira. Aurten aterako ditugu, udan, garilean, Hatsartu egitasmoaren baitan. Behin uda pasata, balorazioa etorriko da. Balorazioaren ondoren irekiko dira ate edo leiho berriak.  

Zuen lan esparrua hor kokatzen duzue, ezta?
E. Hasiera batean udaleku itxiak eginen ditugu. Baina etorkizunari begira, imajinatzen dugu beste proiektu batzuk sortuko ditugula: prestakuntza, udaleku irekiak, familiekin lan egiteko esparruak…

Abiapuntua, beraz, udalekuak izanen dira.
E. Bai. Udaleku itxiak azken batean izan delako guk gehien landu dugun esparrua, momentuz.

Proiektua zabaltzeko lanean ari zarete?
A. Gure helburua, azken batean, udaleku hauetan familia txiki bat osatzea da. Hau da, udalekuak txikiak dira. Gure proposamena zerbait etxekoa da, esanen dugu. 30 gazte eta bost bat hezitzaile egonen gara. Helburua da 30 gazte horietan, baita hezitzaileetan, Euskal Herriko panorama biltzea. Hau da, Euskal Herriko txoko desberdinetara iritsi nahi dugu. Benetan udalekuan bertan ere txoko guztiak islatuta egoteko. Hedabideetan gabiltza gure proposamena Euskal Herri osotik zabaltzeko.

Zer dela eta izen hori?
E. Horrelako proiektu batean sartuta, elkarteari izena jarri behar genion momentua iritsi zen. Zaila. Izenak pentsatzen hasi eta bat arraroa zela, bestearekin iritsiko ginatekeen zalantzak… azkenean ez dakit nola: ausartu. Izena jarri eta gero hasi ginen lotzen gurekin: ausartu garela gu ere bai pauso hori ematen. Noizbait proiektua sortzea, urteak generamatzan pentsatzen. Azkenean, ausartu gara.

Hutsunea ikusten duzue nerabeendako eskaintzan?
A. Hor, batetik, dago adinaren kontua. Lehen aipatu duguna. Bestetik, egonaldien edo proiektuen edukiaren kontua. Argi genuen guk nahi genuena zela benetan mundu guztia proiektuaren parte sentitzea. Eta adin tarte horretan zentratu nahi genuen eskaintza. Hiru txanda dira: DBH 1. eta 2, DBH 3. eta 4. eta Batxilergoa 1. eta 2. gazteendako. Adin tarteak bereziak daude. Udalekuan bertan egonen den proiektua parte hartzearen inguruan zentratuta dago. Hezitzaileok askotan parte hartzeaz hitz egiten dugu, udaleku parte-hartzailea, zein garrantzitsua den denon hitza kontuan hartzea. Baina gero behin udalekura joanda, askoz errazagoa da hau daukat prestatuta hau eginen dut, zer eginen dugu eta nola eginen dugu galdetzea baino. Askotan ematen du errazagoa dela esatea: gazteek erabaki dezatela, eta nahi badute jolas hau, jolas hau. Baina hor atzean hezitzailearendako lan askoz handiagoa da. Askotan 15 urteko gazte bati ez zaio galdetu ez ikastolan, ez etxean, ez inon zer egin nahi duzu? Nola? Zergatik? Gure lana izanen da udalekuan bertan pixka bat artikulatzea udaleku barruko parte hartze hori eta bideratzea, benetan, 35en artean sortuko dugun egonalditxo hori.

Sakanako nerabeek eta gazteek zergatik aukeratu beharko lukete Ausartu kultur elkartea?
E. Udaleku hauek desberdintzen dituena da, alde batetik, parte hartzea. Gauza baten eta beste baten artean erabakitzeko aukera ematen zaie. Baina ez bere horretan zerotik zerbait sortzeko. Gu saiatuko gara denen artean egiten, 35en artean, udalekua sortzen eta gutako bakoitza etxera bueltatzean izan dezala sentsazioa: jo, zerbaiten parte izan naiz! Proiektu honen parte izan naiz. Udaleku hauek nire sentitu ditut. Bestetik, gazteen autonomia garatzen. Esandakoagatik, askotan parte-hartzea bai, baina gu atzetik gaude. Horregatik ere adina: 12 eta 18 urte arteko gazteak badute gaitasuna, badute autonomia gauzak aurrera eramateko. Nahiz eta inoiz ez eman aukerarik zerbait zerotik sortzeko, guk aukera hori emanen diegu. Beraiek haien artean ikas dezaten saiatuko gara.

A. Egitasmo askotan egiten dena da esan, joanen gara lehenengo egunean esanen dugu: hau da plangintza hutsik dago, bete zuek. Inoiz ez da ongi ateratzen, zeren boteprontoan ezin duzu zazpi eguneko eta 24 orduko egitaraua bete. Guk tresnak eskaintzen ditugu eta guztion artean tresna horiek lantzea, hori osatzeko eta esateko: begira, hau egin dugu, nik hau egin dut, hau denok batera egin dugu…  Gure filosofia hortik doa.

Zein da zuen eskaintza?
A. Lehen txandan, garilaren 7tik 13ra 2005ean eta 2006an jaiotakoak, bigarrenean, garilaren 14tik 20ra, 2003an eta 2004an jaiotakoak eta azkenekoan, garilaren 21etik 26ra, 2001ean eta 2002an jaiotakoak.

E. Izen ematea astelehenean zabaldu da. www.ausartu.eus web gunearen bidez eman behar da izena. Dena den, zalantzak egonez gero, badugu e-posta eta horra idatzi daiteke: ausartukulturelkartea@gmail.com. Lekuari dagokionez, aurten izanen dira Astigarragako Santiagomendi aterpetxean. Mendi inguruan kokatuta dago. Oso aproposa udalekuak hartzeko eta lasaitasuna nagusi den leku bat.

A. Txorakeria bat ematen du, baina askotan, gazte batek udaleku batean izena ematen duenean, beti izena ematen dute gurasoek, legezko-tutoreak edo dena delakoak, askotan gazteari galdetu gabe ere. Gure proposamena hasten da hasiera-hasieratik gazte hori subjektu gisa ulertzen, eta benetan parte izateko bide horretan laguntzen. Horretan, adibidez, fitxa hiru zatitan planteatu dugu: datu orokorrak, gazteak bete beharrekoa eta gurasoak edo legezko-tutoreak bete beharrekoa. Azkenean txorakeria da, adinez txikikoak izanik, legez, gurasoek edo legezko-tutoreak erantzun behar duela. Seme-alaba argazkietan ateratzeko baimena ematen duzu? Gurasoek baietz. Baina gazte horri inork ez dio galdetu. Txorakeria bat da. Eta legalki gurasoen baieztapen horrek egon behar du. Ez da batere kosta gazteari galdetu, hitza ematea eta kontuan hartzea.

E. Edo izaera kontuan. Askotan horrelako fitxetan galdetzen da: nolakoa da zure seme-alaba? Eta gurasoen deskribapena irakurrita eta gero gazteak bere buruaz duen irudia ikusita, guztiz desberdina dira. Gaztea kontuan hartu behar badugu, berari galdetu beharko diogu nola ikusten duen bere burua, zer muga ikusten dizkion… horrela bideratu dugu.

Aterpetxeak mugitzeko aukera emanen du, ezta?
A. Lokalizazio honekin lortu duguna da talde izaera hori edo parte hartze horrek eman dizkigun aukerak baliatzea, baizik eta espazioak bere horretan ematen dizkigunak. Gu bakarrik egonen gara aterpetxean. Sukaldea guk kudeatuko dugu, logelak gureak dira, ez gaude beste talde batzuekin. Eta, bestetik, guztia guretako izanen den natur-ingurua dugu. Normalean espazioak mugak jartzen ditu. Oraingo honetan ikusten dugu positiboa izanen dela bertan egotea.

Besterik?
E. Garrantzitsua jotzen dugu gazteak udalekuetara joatea. Hori horrela ulertuta, saiatu gara familiei laguntza pixka bat ematen. Hiru seme-alaba baldin badituzte ezin dituzte, agian, hirurak udalekuetara bidali. Gure kasuan planteatu dugu aurreneko gazteak kuota osoa ordainduko lukeela. Bigarrenari deskontu bat eginen zaio eta hirugarrenari beste bat. Diru kontuagatik ez dugu inor etxean geratzerik nahi.

A. Benetan sinisten dugu hezkuntza ez formalean eta ematen dituen baliabideetan. Askotan ulertzen da heziketa etxetik eta eskolatik datorrela,  eta aisialdiko guztia umeak entretenitzeko espazio bat eta denbora dela. Eta gurasoek jai dute. Hori ere egia da. Baina benetan badago heziketa proiektu bat. Eta gehiago gure proiektuan.