Bertako euskarazko hemeroteka liburutegian

Guaixe 2019ko mar. 14a, 17:45
Altsasuko liburutegiko standean majo asko irakurtzen.

Hilaren 29ra arte Guaixe hilabetekariak eta Oixe astekariak kontsultatzeko aukera izanen da liburutegian 15:00etatik 21:00etara.

Urdiaindik eta Ziorditik pasa ondoren, astelehenaz geroztik Altsasuko liburutegira sartu direnek Guaixeren hemeroteka ibiltariarekin egin dute topo. Sarrera ondoan propio prestatutako standa jarri du Guaixe fundazioak. Han eseri eta lasai asko kontsultatu daitezke 1994 eta 2002 artean argitaratu ziren Guaixeren hilabetekari guztiak. Baita 2001 eta 2003 urteen artean argitaratu ziren Oixe astekariak ere.

Ale guztiak patxada ederrean ikusi eta denboraren makina hartzeko aukera ederra da, garai bateko gertaerak gogoratu, garai bateko janzkerak eta orrazkerak ikusi eta, zergatik ez, zure burua argazkiren batean identifikatzeko aukera eskaintzen du hemeroteka ibiltariak. Hala bada, zure burua  topatu baduzu fundaziotik egiten dizugun gonbidapena honakoa da: Guaixe edo Oixe horrekin argazkia egin eta sare sozialetan #batzengaituena edota #Guaixe25 traolekin partekatzea. Nahi duen guztiak standean dagoen photocall-arekin argazkia egiteko aukera du. Hala eginez gero, fundaziotik partekatzea eskertuko genizueke.

Gerta daiteke bakarren bat hemerotekan ikusitako aleren bat nahi izatea. Erregua da standean dauden alean bertan uztea eta eskaera admin@guaixe.eus e-postara idatziz egitea, fundazioak alea oparituko dio. Trukean alearekin agertzen den argazki bat egitea eskatuko diogu, sare sozialetan partekatzeko.

Egutegia
Liburutegia       Data         
Altsasu             Marxtoak 11-29
Arbizu              Apirilak 1-17
Irurtzun            Irailak 30-Lastailak 11
Etxarri Aranatz Lastailak 14-25
Olatzagutia      Lastailak 28-Azaroak 8