Zinema betidanik gustatu zaiola esan du Sara Mazkiaranek. Altsasuko Bengoetxea zineman orduak pasatzen zituen, eta bere ama bila joaten zen jakinda han egongo zela. Zaletasunetik ogibidera pasa zen. Zuzendari gisa hainbat lan egin dituen arren, zuzendari laguntzaile lan egiten du, eta izen handiko zuzendariekin lan egin du. Haren jarduna, aldiz, gutxi ezagutzen da.
Zein da zuzendari laguntzailearen lana?
Gauza asko egiten ditu. Niri gidoi bat iristen zait eta sekuentziaz sekuentzia desglosatzen dut departamentu bakoitzaren beharretara egokituta. Beraz, sekuentzia horietan aurreikusten dut datozen egunetan edo asteetan egingo dena, eta, horrekin, filmazio plan bat egiten dut. Batzuetan plan hori zuzendariarekin bildu ondoren egiten da, eta beste batzuetan ez. Gero, aurre-ekoizpenean sartzen naiz. Une honetan hainbat departamenturekin bilerak egiten dituzu eta zuzendari artistikoarekin lokalizazioak ikustera joaten gara argazkilaritza zuzendariarekin eta ekoizpen zuzendariarekin. Beraz, laburbilduz, lokalizazioak bilatu, departamentuekin bilerak egin, dudak definitzen joan, pelikula konkretatzen joan, diseinua konkretatu, nola filmatu, nola egin eta egutegia zehaztu. Horren guztiaren prestakuntza. Zuzendaritza arduratzen da aktoreak, figurazioa eta zuzendariaren eskuineko eskua izateaz. Filmazioa dena antolatzen dut. Aurretik filmazioan parte hartzen duen jende guztiari txosten bat banatzen diezu, pelikula osoan zehar departamentu guztien behar guztiekin. Gero filmazioan zehar beharrak aldatzen badira gauzak ere aldatzen dira. Eta eguneko filmazioaren ordena ere diseinatzen duzu.
Dena koordinatzen duzu.
Nire departamentua zuzendaritza da. Eta zuzendaritzak departamentu guztiekin lan egiten du. Produkzioarekin eskuz esku lan egiten dut. Filmazioan ni arduratzen naiz zuzendariak nahi duen guztia muntatzen eta antolatzen. Aurretik gauzak muntatu, dena ongi dagoela txekeatu, planoak muntatu, figurazioa mugitu... Hortaz, filma osoa eramatea.
Zertan ezberdintzen da zuzendariaren lanarekin?
Oso ezberdina da. Nik zuzendariak nahi duena jasotzen joaten naiz. Informazioa eta eskatzen dutena biltzen dut. Baina zuzendaria itsasontziaren patroia da eta badirenez zuzendariak ez diren zuzendariak, horiekin guri lan gehiago egitea tokatzen zaigu. Baina zuzendari on batek filmaren zama guztia eramaten du. Nola filmatu behar den, zer filmatu behar den, entseguak, aktoreak zuzentzen ditu; dena gidatzen du. Baina nire lana da nahi duena bilatzeaz arduratzea eta posible egitea. Dena ongi dagoela txekeatzea eta abar. Beste batzuetan produktore exekutiboa da pisu guztia eramaten duena eta agintzen duena. Baina praktikoki nik egiten dut zuzendariak nahi duena.
Nola hasi zinen zuzendari laguntzaile?
Bitxia izan zen. Madrilera zinema ikastera joan nintzen. Eta gero kurrikuluma Gasteizko udalak EHUrekin batera antolatzen zuen eskola batean bota nuen. Zentro berri bat zen, jende berriarekin eta handik jende asko atera zen. Film laburrak egiteko ikastaro bat egin genuen eta Medem zuzendariaren laguntzailea etorri zen trebakuntza bat egitera. Zuzendari laguntzaile oso ona zen. Orduan, bera etorri zen guk eskola gisa egiten genituen film-labur horiekin laguntzera. Ezagutu ninduen, fitxatu ninduen eta harekin hasi nintzen lanean.
Zuzendari laguntzailearen lana ez da oso ezaguna.
Oso baloratuta dago industriaren barruan. Baina jendearen artean ez da asko ezagutzen normalean ezagutzen direlako beste lan batzuk: argazki zuzendaria, jantziteria, estilista, arte zuzendaria... makilatzaileak ere, esaterako, ez dira oso ezagunak. Eta haien lana oso garrantzitsua da. Badirudi departamentu batzuetako buruak ezagunagoak direla beste batzuena baino. Beraz, zuzendari laguntzailea itzaletan dagoen pertsonaia bat da, baina pelikularen zama eramaten dugu gainean. Dena mugitzen dugu. Den-dena dakizu.
Zuzendari laguntzailea izateko zerbait berezia behar da?
Ez dakit. Langile ona izan behar zara, lan handia egiten delako, odol hotza izatea ere garrantzitsua da batzuetan bat-bateko erabakiak hartu behar direlako. Eta gero ere langileburu ere izan behar zara. Orduan, intuizioa izan behar duzu. Baita memoria ere. Arlo artistikoan sentsibilitatea izan behar duzu. Jakin behar duzu zer doakion hobeki gauza bati edo besteari. Departamentu guztietakoa jakin behar duzu.
Zuzendaria ere izan zara.
Film laburrak egin ditut. Aktore askorekin tratatzen dut eta koordinatzen ditut eta asko ikasten duzu. Beraz, zinema gustatzen bazaizu eta zure gauzak egiteko gogoa izan baduzu, azkenean ausartzen zara. Hiru film labur egin nituen. Lehenengoak Nafarroako Gobernuko diru laguntzekin eta gero Canal Plusen irabazi nuen sari batekin. Aspaldi izan zen.
Kresala V. Saria jaso zenuen. Zer dakar du errekonozimendu honek?
Sari batek beti ilusioa egiten dizu. Deitu zidatenean lan handia neukan eta esan nien oso gaizki harrapatzen nindutela eta ezin banuen joan beste bati emateko. Gero antolatu nintzen eta egon nintzen. Gainera, Kresalakoek urte asko daramatzate karteldegira ateratzen ez diren filmak proiektatzen; kultu zinema eta jaialdietan dauden filmak, baina sare komertzialetara iristen ez direnak. Urte asko daramatzate zikloak egiten eta oso pelikula onak proiektatzen dituzte. Beste modu batean ikus daitezke, baina pantaila handian ikusiz eta hori oso baliagarria da.
Zein proiekturekin zaude orain?
El silencio de la ciudad blanca filma egiten aritu nintzen. Pelikula handia da eta asko disfrutatu dut. Istorioa indartsua zen. Orain bukatu berri dut komedia berri bat Santiago Segurarekin. Aste honetan Argentinako zuzendari batekin Akelarre filma hasiko dut. Casting indartsua egin dute.
Zuzendari oso ezagunekin lan egin duzu. Nola da haiekin lan egitea?
Espainiako ia guztiekin. Denetarik dago. Batzuk lagunak dira. Aurre-ekoizpena lan taldearekin Anai Handi bat bezalakoa da. Denbora gutxi izan ohi da gehienetan, eta eskerrak. Baina oso bizia da. Jende asko bakarrik filmazioan ikusten duzu, baina aurre-ekoizpena lan bikoitza da. Gainera, ordu asko izaten dira. Batzuetan 16 ordu egoten gara. Eta egun guztia jende berarekin zaudenean lagun minak egiten dituzu. Ez da erdiko biderik. Beraz, asko oso lagunak dira. Zuzendari askorekin errepikatu dut eta hori seinale ona da.
Filmaren sekretu guztiak ezagututa, eta filmazioan lan egin ondoren, filma ikustean sorpresarik dago?
Sorpresa beti dago, baina badakizu zer egin duzun. Gero muntaian gauzak aldatzen dira. Leku batean egon behar ziren gauzak beste leku batean daudela ikusten dituzu, ordena aldatzen dute.
Eta zinema gustatzen zaizu?
Zinemaren eta telesailen yonkia naiz. Bengoetxea zinemetatik. Ordu asko sartu ditut nik han. Lau egoten ginen. Ama nire bila etortzen zen bazekielako han nengoela. Energia handia ematen dit kontzertu batek, antzezlan batek edo pelikula on batek. Film batean garrantzitsuena gidoi on bat da. Batzuetan bisualki oso indartsuak diren pelikuletan istorioak huts egiten du eta gelditzen zara beste gauza batzuekin. Baina badira oso gaizki eginak dauden pelikulak, baina istorioa ikaragarria dena.
Beraz, pelikulak aztertzen dituzu.
Guztiz. Lagunek esaten didate batzuetan amesgaizto bat dela nirekin pelikulak ikustea. Dena aztertzen dut eta lehen esan bezala sentsibilitate artistiko handia izan behar duzu. Etengabeko sormen lana da.
Nola ikusten duzu euskal zinemaren egoera?
Askoz hobeki. Ni hemen hasi nintzen eta Madrilera joan nintzen, alde batetik, Madril asko gustatzen zaidalako eta, bestetik, han zegoelako lana. Baditut lagun asko hemen hasi zirenak, Madrilera joan zirenak, eta orain itzuli direnak. Telmo Esnal, esaterako, Dantza filmeko guztiak, Agur, Etxebeste... Denak elkarrekin hasi ginen hemen eta Madrilera joan ginen. Eta haiek itzuli ziren eta ni gelditu nintzen. Ekoiztetxe gehiago daude eta gehiago inbertitzen ere ari da. Gauza interesgarriak eta berriak ateratzen ari dira, baita jende berria ere. Eta oso ongi dago. Ea gehiago ateratzen diren.