Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako dantzariak Tarragonan

Guaixe 2019ko mar. 18a, 13:17
Tarragonako Lehiaketan parte hartu zuten dantzariak eta irakasleak. UTZITAKOA

Altsasuko Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako lau taldek parte hartu zuten Tarragonako Koreografia Lehiaketan, atzo. Hiru talde, gainera, sariarekin etorri ziren

Oihu Loreak, Arima, Ilargiaren alabak eta Maitesua taldeek parte hartu zuten atzo Tarragonan egin zen Koreografia Lehiaketan. Gainera, lehiaketan parte hartu zuten taldeak ez ezik, Sutan taldeko Igone Augustok eta Leire Bujandak erakustaldia eskaini zuten.

Lau taldeek dantza garaikidea edo modernoa kategorian parte hartu zuten. Oihu Loreak, Arima eta Ilargiaren alabak taldeak junior mailan aritu ziren eta Maitesua taldea haur kategorian. Oihu Loreak taldeak bigarren saria irabazi zuten eta Arima taldeak laugarren saria. Maitesua taldeak ere saria jaso zuen: laugarren sailkatuak izan ziren haurren kategorian.

Ez da lehenengo aldia Oihu Loreak eta Arima taldeek Kataluniako koreografia lehiaketa batean parte hartzen dutela, izan ere, iaz Sant Cugateko Koreografia Lehiaketan parte hartu zuten eta bosgarren saria irabazi zuten.