Lopez-Mugertzak Andorrako leku-izenen euskal erroak aztertu ditu

Guaixe 2019ko mar. 20a, 16:32
Mikel Belasko Ortega eta Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte. Argazkia: NUP

Hainbat egilek diziplina arteko lana egin dute, toponimoen azterketa tokiko geografiarekin alderatuz. Latinaurreko erroa leku-izenen % 10 baino gutxiagok dute.

Andorrako Gobernuak Printrerriko gaiei buruzko ikerketa eta transferentzia proiektuetara bideratutako Lidia Armengol Vila laguntza du. Horren barruan, hainbat ikerlarik Erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko azterketa fisiografikoa. Lurraldearen ikuspegi hurbil eta teknikoa leku-izenen bitartez lana egin dute, liburu batean jasoa gelditu dena ( Anàlisi fisiogràfica de topònims andorrans d’arrel preromana. Una visió propera i tècnica del territori a través dels noms de lloc) . Horien artean Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Mikel Belasko Ortega filologo ikertzailea eta Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte filologo, irakasle eta ikertzailea eta Onomastika Elkarteko lehendakari altsasuarra aritu dira.

Lanaren arabera, Andorrako leku-izenen % 10 baino gutxiago dira ustez latinaurreko errokotzat jo daitezkeenak, kasu batzuetan euskararekin loturik. Ikerketa horren helburuen artean, “Pirinioetako garai bateko balizko hizkuntza-jarraitutasuna” aztertzea zegoen. Lana egiteko erabilitako metodologiak hiru urrats izan ditu. Aurrena, azterketa konparatibo fisiografikoa (geografia fisikoarena; paisaiak, geologia, eta abar). Ondoren, lurraldeko historia eta hizkuntzaren ezagutza. Eta, atzena, euskararekiko konparazioa. NUP-etik azaldu dutenez, “diziplina anitzeko ikuspegi hori ez da oso ohikoa; izan ere, zientziaren esparru jakin batetik egin ohi da azterketa, eta ez geografia, historia eta filologia barne harturik”.

Lopez-Mugertzak azaldu duenez, lanaren helburua da “antzematea ea izendapen berdin edo antzekoak dituzten tokietan ba ote dagoen ezaugarri edo prozesu berdintsurik, horri esker, gero, haien toponimoek izan ditzaketen esanahi posibleak proposatzeko. Analisi hori izenen azterketa linguistiko eta historikoarekin osatu da, eta, orobat, euskararekin konparatu da, Pirinioetako garai bateko balizko hizkuntza-jarraitutasuna ebaluatzeko”.

Euskararen tankerako toponimoak
Andorrako Izendegi Ofizialean 4.200 sarrera baino gehiago daude. Ikerketa taldearen arabera horien artean, % 10 baino gutxiago dira ustez latinaurreko errokotzat jo daitezkeen leku-izenak. Haietako batzuendako jatorri indoeuroparra proposatzen du eta euskarazkoa beste batzuendako. Beste batzuetan egileek  nolabaiteko zerikusia ikusten dute euskararekin, baina, ohartarazten dute hizkuntza horretatik abiatuta interpretazioa ez dela agerikoa. Aztertutako toki izenen artean dago Andorra bera eta geografia fisikotik abiatuta iturri hitzarekin lotura izan dezakeela adierazi dute.