"Gaztewood Altsasuko kultur ekimen handiena izango da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko mar. 22a, 13:23
Altsasuko justizia liga: Aitona Yoda, Prekarietate Girl, Katisa, Altsasu Kapitaina eta Basajaun. UTZITAKOA

Duela hamar urte egin zen II. Gaztewood film laburren herri jaialdia. Aurten, kamerak berriz martxan jartzeko deialdia luzatu dute Altsasuko Gaztetxeko kideek. Alltsasuko justizia ligako kidea den Altsasu Kapitaina azalpenak eman ditu

Altsasuko kaleetan faroletatik zintzilikatu dituzten banderolak, udaletxearen parean dagoen klaketa eta inauterietan hainbat taberna Altsasuwood bihurtu izanak argi uzten dute 2019 urtea Gaztewood urtea dela. Altsasuko Gaztetxeko kideak, gainera, ez daude antolakuntzan bakarrik, izan ere, Altsasuko justizia ligako kideak eta Willy Wonka eta Umpa Lumpak film laburren herri jaialdia prestatzen ari dira. Pelikuletako film propioa sortu dute.

2009an izan zen Gaztewood jaialdiaren azken edizioa, eta aurten berriz egitea erabaki duzue. Zergatik?
Altsasuko justizia liga bezala Altsasuko Gazte Asanbladaren erronka hartu genuen. Duela hamar urte film labur lehiaketa eta jaialdi bat egin zutela badakigu, eta gogoak zituzten berriz egiteko. Eta aurten egitea bururatu zitzaien. Orduan, hor sartu ginen Altsasuko justizia ligako kideak. Uste dugu gure herrian horrelako kultur ekimenak egotea garrantzitsua dela.

Zein da helburua?
Helburua txirrinta kentzea da. Gure gogo horiek asetzea eta, nola ez, ongi pasatzea. Beste hainbat helburu daude. Helburu nagusia Altsasuko herriari kultur ekimen garrantzitsu bat oparitzea da. Gero, Altsasuko kuadrillak martxan jartzea eta, azkenik, eta nik uste oso garrantzitsua dela, gazte asanbladako kide berriak, zaharrak eta ez hain zaharrak batzea eta proiektu komun batean lanean ekitea.

Hilabeteak daramazue jaialdia prestatzen, eta unibertso propioa sortu duzu. Nola sortu zen Altsasuko justizia liga?
Gaztetxean eta horren inguruan egiten diren gauza guztietan bezala asanbladan edo talde txikietan funtzionatzen dugu. Beraz, talde horietan gure erokeriak botatzen ditugu eta film laburren txapelketa promozionatzeko edo aurrera eramateko zer egin genezakeenari buruz hitz egiten, talde bati bururatu zitzaion bideoak egitea. Ideia hori sortu zen. Hala ere, ideia esaten dut, baina hau oso erreala da. Altsasuko justizia liga betidanik egon da. Gaur egun batu egin da programa komun bat aurrera eramateko. Zailtasunak egon direlako: Trikofor bi buruko izaki maltzurra, espekulation man, aurreko jaialdia zapuztu nahi zuen superheroi maltzurra eta abar.

Martxoaren 31ean, hurrengo astean, lanak aurkezteko epea amaitzen da. Zer nolako film laburrak bilatzen dituzue?
Esan beharra dago ez direla datekin oso zorrotzak izango. Martxoaren 31n bukatzen da epea, baina argi daukagu inor ez dela bere film laburra aurkeztu gabe, ezin izan duelako garaiz bukatu. Nahiko malguak gara. Bestela, ez dago gairik. Edozeinek egin dezake nahi duena. Bakarrik bi arau oso erraz daude: mugikorrarekin grabatzen bada horizontalean grabatu, 15 minutu baino gutxiago irautea eta eskertuko genuke mp4 formatuan aurkeztea bideoak. Gaztetxean DVD edo pendrive batean aurkeztu behar dira edo bestela gaztewood@gmail.com helbide elektronikora. Eta, esandako, norbaitek martxoaren 31n oraindik ez badauka lana bukatuta, malguak gara. Apirilaren erdialdera arte edo aukera egongo da lanak aurkezteko. Game of Thrones aurkeztu aurretik, gutxi gora behera. Bestela gero lan guztiak pilatzen zaizkigu.

Jendearen irudimenaren eta sormen lanaren menpe gelditzen da gaia, beraz.
Hori da. Guk printzipioz ez dugu zentsuran sinisten, beraz, bakoitzak jakingo du zeri buruz egiten duen. Jaialdi herrikoi bat da, eta horrela esaten dugu. Eta horrekin harro gaude. Ahalik eta herrikoiagoa izan, harroago egongo gara. Azkenean badakigu jendea ez dela profesionala, bueno, profesionalen bat badago, baina lehiaketa amateur bat da.

Nola aukeratuko dituzue sarituak? Sarituak badira, noski.
Txapelketa bat denez sariak egon behar dira. Hasieratik esan dugu txapelketa bat dela, orain ezin dugu esan sariak ez daudela. Hala ere, helburua ez da irabaztea edo ez. Baina nola egingo dugun ekainaren 8an jakingo da. Kategoria ezberdinak egongo dira, epaimahairen bat... Aurreko edizioan herri epaimahaia egon zen, publikoak aukeratu zituen sarituak. Aurtengoan oraindik bueltak ematen ari gara. Ikusiko dugu.  

Esklusiban, beraz, ekainaren 8an gala handia ospatuko da. Nolakoa izango da?
Bai. Dagoeneko esan dezakegu ekainaren 8an, larunbata, Burunda pilotalekuan Gaztewood gala izango dela. Ez daukat beldurrik esateko herri honek izan duen kultur ekimen handiena izango dela. Behintzat 2019ko lehen zati honetako kultur ekimen handiena izango da. Urte hau horrengatik gogoratua izango da. Herrikoia eta handia izango da, baina aldi berean xumea. Ez dugu handikeriarik handiak egin nahi, baizik eta ahalik eta jende gehien egotea, ikustea, parte hartzea eta, batez ere, han parte hartuko duen jende guztia ongi pasatzea eta barregarria izatea.

Gainera, Urrezko tiketak banatu dituzue eta pertsona horiek vip trataera izango dute.
Hori da. Altsasuko justizia ligak zituen traba guztiei aurre egiteko Willy Wonka eta Umpa Lumpa txiki batzuk hor ari dira azpiko lanak egiten. Eta Willyk asmatu zuen bost Urrezko tiket banatuko zituela urtean zehar. Urrezko tiket bat jasotzen duten pertsonek galan vip eserleku pare bat izango dituzte. Beraz, zuzendariekin egongo dira, aurreko aldean eta tratamendu oso fina izango dute. Ikasle guztiek izango dute tratu fina, baina hauek hobe oraindik.

Altsasuko Willy Wonka eta Umpa Lumpak

Eta dagoeneko Urrezko tiket guztiak banatu dituzte?
Ez nago ziur. Uste dut oraindik maiatza aldean jendea adi egon behar dela. Baina hori Willy Wonkarekin hitz egin beharko zenuke.

Film laburrak galaren aurretik ikusi ahalko dira?
Bai. Iortia kultur gunean ikusteko aukera egongo da maiatzaren 16tik 19ra. Beraz, agendetan apuntatu.

Gaztewood urte da, herria Altsasuwood bihurtzen ari zarete.
Geroz eta dekorazio gehiago ikusiko dugu herritik ere. Hori da gure nahia, jendeak Gaztewood-ari buruz hitz egitea.