Onik agertu da desagertua zegoen gizona

Guaixe 2019ko mar. 27a, 08:01
Altsasuko ikuspegia.

Senideek bilaketa lanetan parte hartu dutenei eskerrak eman zizkieten. Aldi berean, ukatu egin zuten desagertzea eztabaida baten ondoren izan zenik.

Igande goizaz geroztik desagertuta zegoen gizonezkoa onik agertu zen atzo. Dirudienez, Extremadurako senide batzuen etxean agertu zen eta horrek haren bilaketa bertan behera utzi zuen. Igandean, 10:30 aldera gizonak, autorik, kreditu txartelik eta telefono mugikorrik gabe alde egin zuen etxetik. 44 urteko gizonezkoaren emazteak haren desagertzeren berri Guardia Civilari jakinarazi zion astelehenean. Lanera ere ez zen joan.

Herenegun bertan haren bila aritu ziren Foruzaingoa, Guardia Civila, suhiltzaileak eta basozainak Altsasu inguruan, helikoptero eta guzti. Arrastorik ez opatzean atzo garraiobideetan zentratu dute bilaketa. Izan ere, gizonezkoa ikusi zuten azken lekua Txunkai auzoko aldapa izan zen. Horregatik, atzo gizonezkoaren bilaketa egiteko hitzordua jarri zuten Sunsundeguin 15:00etan. Mendian ibiltzea gustatzen zaion tokietan ere begiratu zuten.