Udaletxean arkitektura oztoporik ez

Guaixe 2019ko mar. 27a, 12:23

Igogailua martxan da eta komunak pertsona guztiendako egokitu dira. Etorkizunean artxibo berria egokitzeko bulegoak egokitu nahi dira, eta udaletxe ondoko eraikina Udaltzaingoaren aldagela eta biltegi bihurtu nahi lukete.

Urteetan asmoa izan dena, dagoeneko errealitatea da eta Altsasuko udaletxea herritar guztiendako irisgarria da. Herriaren etxean arkitektura oztopoak kentzeko eta irisgarritasuna hobetzeko bi lan egin dira: igogailua jarri eta komunak egokitu dira. Lanek berarekin ekarri dute udaletxeko ate nagusia automatikoki irekitzea eta horren ondoren kristalezko ateak jartzea ere. Intercons Beltran SL enpresak egin ditu lanak 145.634,15 euroren truke (BEZ kanpo). Udalak 40.000 euro pagatu ditu eta gainontzekoa Tokiko Azpiegitura Planaren diru-laguntzaren bidez ordaindu da. Aipatu lanak ez dira udalean egin diren bakarrak, energia eraginkortasuna hobetzeko teilatua konpondu baitzuen Aguaser enpresak 40.157,6 euroren truke (BEZ kanpo). Kasu horretan diru-laguntza 29.479 eurokoa izan zen. Arrazoi beragatik leihoak ere aldatu ziren.